Txalo artean esan du agur Arreko aztiak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 2a, 07:55
Osasunako presidente Luis Sabalza eta Roberto Torres, atzoko omenaldian (Argazkia: Osasuna).

Roberto Torresi omenaldia egin zioten atzo Sadarren, zale, taldekide eta senideen artean.

Roberto Torresek agur esan zion atzo Osasunari, Sadar futbol zelaian taldeak antolaturiko omenaldi ekitaldian, hainbat taldekide ohiren eta zaleren aurrean.

Arreko jokalariak hemezortzi denboraldi egin ditu Gazteluko Plazako taldean. Horietariko hamaika lehen taldean. Sabadellen Bigarren B Mailara jaistea ekidin zutenetako bat izan zen. Hiru aldiz igo du taldea lehen mailara. Azken urteotan kapitaina izan da, Oier Sanjurjo handiarekin batera.

Ibilbide horretako zein une duen nahiago galdeturik, erantzun deigarria eman zuen: “Azken hiru egunotan jaso dudan maitasunarekin geratzen naiz, banindoala iragarri nuenetik. Banekien jokalari maitatua nintzela, baina halako zerbait gertatu arte ez zara jabetzen maitasun hori zenbatekoa den. Bizi oso bat ez litzateke aski izanen hori guztia eskertzeko”.

Taldeko presidente Luis Sabalzak utzi duen legatua nabarmendu zuen. Bide beretik jo zuten bideoak igorri zituzten taldekide ohiek.

Torres Iranera doa, Javad Nekounam gorritxo ohiak entrenatzen duen Foolad taldera. Denboraldi honetan deus ez zela jokatzen ari ikusirik erabaki du taldea orain uztea. Gogorra izan ei da: “Ez da erraza izan. Niretzako Taxoarera joatea plazera da. Entrenatzera joanez gozatzen nuen. Baina gero asteburuetan oso gogorra izaten zen ez jokatzea. Dena dela, hori jada ezin da aldatu eta aurrera begiratu beharra dago”.

Larunbatean, Realaren kontra Jagoba Arrasatek ez zuen zelairatu. Horretaz galdeturik, Berriatuako entrenatzailea aurrean zuela,  Arrekoak aitortu zuen buelta asko eman dizkiola baina ez diola garrantzirik eman nahi. “Buelta asko eman nizkion igandean, baina ez diot garrantzirik eman nahi. Zetrbait ikasi badut da gertaturikoa ezin duzula aldatu. Eta igandekoak ez du aldatuko urte hauetan guztietan hemen bizi eta sentitu izan dudana”.

Torres badoa, baina ateak itxi gabe: taldeak etorkizunean teknikari lanetan aritzeko aukera eskaini baitio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!