Amaiur ikastolak kalejirei ezarritako mugak berriz aztertzeko eskatu die agintariei

Iosu Ganuza Garcia 2022ko abe. 20a, 14:55

Uste dute "ezarritako ordenaren haustura gutxi edo batereeragiten dutela".

Datozen egunetan Iruñeko eskola eta ikastetxeek eginen dituzten kalejirak espaloietara mugatuko  ditu berriro ere udalak. Egoera kritikatu dute antolatzaile eta gainontzeko eragileek eta egoera berrikusteko deia luzatu.

Ohar bidez Amaiur Ikastolak, gabonetako kalejiren aurkako jarreraren aurrean LOMLOE hezkuntza legea hartu du oinarri honako hau esaten baitu testuak: "Ingurune Natural, Sozial eta Kulturalaren Ezagutzaren arloaren helburua da haurrak bilakatzea bizi diren mundua errespetatzen duten pertsona aktibo eta arduratsu, eta mundu hori eraldatu ahal izatea, balio demokratikoetan oinarritutako printzipio etiko eta jasangarriekin bat etorriz". Legea oinarri azpimarratu dute "ezinbestekoa" dela "hezkuntza-komunitate osoarentzat gure ohiturak eta tradizioak transmititzea Nafarroako kultura-adierazpenen bidez, hiriko auzoetan zehar jai-giroan eta guztion partaidetzan oinarrituta".

Agintariei leporatu diete kalejirak errepidetik igarotzea debekatzerakoan ez dutela kontuan hartzen haren esanahia, parte-hartzaile kopurua zein ekimenaren izaera bera. Gaineratu dute, ikastolaren ikuspuntutik "herri-adierazpen puntual horiek, sustraituta eta modu egokian antolatuz gero, funtsean, haurren gozamenerako, ezarritako ordenaren haustura gutxi edo batere" eragiten dutela. Are gehiago,"ekitaldi ibiltariak dira, ez oso masiboak eta denboran mugatuak" nabarmendu dute Amaiurtik.

Salatu dute gainera "jai-izaera eta izaera espontaneoak espaloietara mugatu nahi izatea haien zati handi bat desaktibatzea" dela, "ez baita aipatzen gertaera horiekin zerikusirik ez duten beste oinezko batzuei eragin diezazkiekeen eragozpenez".

Hori dela eta Iruñeko Udalari eskatu diote "jarduteko modu hori berriz aztertzeko", nabarmenduz "inoiz" ez dutela sumatu "ekitaldi puntualak antolatzeko orduan, azken finean, Iruñeko familien eta herritarren jai eta kultura-adierazpen baitira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!