Herrigintzako esparru ezberdinetako kideak bildu nahi ditu Sortuk Plaza Hutsa ekimenean

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 16a, 08:24

Euskara arloan, ekologismoan, feminismoan, migranteen harreran edo ta lan esparruan diharduten herritarrak bildu eta saretu nahi ditu Sortuk Plaza Hutsa ekimenean. Pandemiaren ostean gizartea hauspotu eta erronka berrietarako prestatu.

Herrigintzarako aro berri bat zabaldu nahi du Sortuk Plaza Hutsa ekimenaren bitartez. "Estrategia independentista herrigintzatik nola elikatzen den hausnartu nahi dugu, eta alderantziz, herrigintza estrategia independentistatik nola josten den" azaldu du Xabi Iraolak, Sortuko herrigintzako arduradunak. Pandemiak bizkortu ditu hainbat mugimendu eta aldaketa, "Gizartea, herrigintza hauspotu beharra dago, erronka berrietarako prestatu" adierazi du Iraolak.

"Sare ezberdinetan lanean eremu desberdinetan dabilen kidegoa saretzeko eta biltzeko helburua dugu" gaineratu du Nafarroako Sortuko arduradun den Lur Albisuk, "Badakigulako ezker abertzalearen komunitatean badagoela eremu askotan lanean dabilen kide pila bat eta Plaza Hutsa bada horretarako jende hori biltzeko espazio bat".

Egoeraren gogoetatik abiatuta, "Etorkizuna eraiki nahi duen herri batera igaro nahi bada, protestatik proposamenera egin behar da, erronken inguruan egun dagoen hondamendizko ikuspegi ezkor batetik itxaropenerako bidea egin, eta esperantza elikatu" bilatuko du Sortuk.

Otsailaren 4ean izanen da Plaza Hutsa, Burlatako kultur etxean, izen ematea dagoeneko irekita dago, sortu.eus webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!