Ofizialtsunaren aldeko eragileen babesa bilatuko du Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 15a, 11:43

  • Euskararen Legeak herritarrak bizi diren herriaren arabera diskriminatzen dituela salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluko kideek. 36 urte dira legea onartu zutela.
  • 70 gizarte eragilek egin dute bat dagoeneko Euskararen Nafar Kontseiluak egindako adierazpenarekin.

Gaur, abenduak 15, Nafarroako Euskararen Legeak 36 urte bete ditu. “Herritarren arteko bereizkeria eragiten duen legea” ospatzeko arrazoirik ez dagoela uste du Kontseiluak. “Euskaldunak zokoratzeko, herritarren arteko berdintasunarekin apurtzeko legea da oraingo Euskararen Legea. Beste eskubideetan ez bezala, hizkuntza-eskubideetan herritarrei bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie eskubideok. Udalerri batean bizitzeagatik, umeak eta haurrak ezin izatea herriko eskolan euskarazko ereduan matrikulatu. Herri jakin batean bizitzeagatik, medikuaren edo administrazioaren aurrean ezin izatea euskaraz artatua izan, edota tramiteak euskaraz egiteko amaigabeko oztopoak eta ezintasunak jasatea. Sinestezina dela esango genuke, ez bada hogeita hamasel urtez bidegabekeria hori indarrean dagoela esan beharko ez bagenu”, adierazi du Idurre Eskisabel idazkari nagusiak.

Azken urteetako zenbait erabakik kezkatzen dituela azaldu du. Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzei, berezkoa den euskarari baino prestigio handiagoa ematea jarri du adibide: “Milaka nafarren bizi hizkuntzaren aurretik eta gainetik jartzea alemana, ingelesa eta frantsesa. Kontua da, duela 36 urte onartu zen legeak ahalbidetzen dituela horrelako neurriak. Euskararen Legearen irakurketa zurrunen ondorioz, euskaldunak are zokoratuago bizi dira halen lurraldean, eta ez da justiziazkoa, inondik inora ez. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da hizkuntza-justizia, hizkuntza-kohesioa eta hizkuntza-berdintasun erdigunera ekartzea, eta hiru justizia-mota horiek errealitate bihurtzeko aukera bakarra dago: ofizialtasuna”.

Izen hori duen kanpaina jarri du martxan gaur Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen Nafar Kontseiluak 2022ko irailaren 16an egin zuen bilkuran aurkako botorik gabe onartu zuen euskararen ofizialtasunaren gaineko adierazpenarekiko eragileen atxikipenak bilduko ditu datozen hilabeteotan. Euskararekin zer ikusi duten zein ez duten 70 eragilek egin dute bat dagoeneko. nafarroa@kontseilua.eus helbide elektronikoan egin daiteke bat adierazpenarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!