Gizalabak | Anna Larroucau Laborde

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 13a, 17:06

Gaur topa egingo dugu Argentinan, baina ardo frantsesarekin. Zer deritzozu?

Gaurko gizalaba Anna Larroucau Laborde de Lucero dugu. Eta izen ponpoxo horren atzean  filantropo eta hezitzaile bat dago. Eta horrez gain, mahatsaren eta mahastizaintzaren industriaren aitzindari bat.

Frantziako Oloron-Sainte-Marien/Oloroe-Donamarian jaio zen, 1864an, garaiko oso familia ezagun batean (haren senide bat sendagile famatu bat zen, eta familia Jules Supervielle idazlearen laguna zen). 16 anai-arrebetatik zaharrena zen, eta guztiak Oloroen jaioak ziren.

Baina Oloroe txiki geratu omen zen hain familia handiarentzat, eta, horregatik, 14 urte zituela, Argentinara joan zen, osaba-izebekin eta anai-arreba batzuekin batera, amets amerikarraren bila, ziur aski.

Han irakasle eta hezitzaile aritu zen denbora batez, musika eta frantsesa ere irakatsi zituen. A! Bitxikeria gisa esango dizut euskaraz, gaskoiz eta gaztelaniaz arazorik gabe mintzatzen zela.

Anna Larroucau Argentinako Mendozan bizi zen. Esan behar dugu Mendoza izan zela, San Juan eskualderekin batera, Espainiako konkistaren garaian mahatsaren ekoizpenean berehala nabarmendu zen zonaldea, eta bertako ardoaren industriaren erreferentzia bihurtu zena.

Argentinako mahastizaintza jatorriz Espainiakoa zen. 16. mendean, konkistatzaileak mahatsa landatzen eta ardoa ekoizten hasi ziren. Hasieran, bertako mahats-barietateekin egiten saiatu ziren. Baina bertako mahats-barietate horiek ardoari oso zapore latza eta garratza ematen zioten, oro har gutxi estimatzen zena. Horregatik, fraide frantziskotarrek berehala eraman zituzten Europatik mahats-barietaterik onenak.

Baina 1870eko hamarkadan, azterlan bat egin zuten, eta, horren arabera, Mendozako  mahatsondoen % 97  ez ziren parretan hazten, . Horrek ez zuen zer ikusirik Europan egiten zenarekin, eta ekoizpena geldiarazten zuen.

Emaitza haiek kontuan hartuta, Argentinako mahastizaintzaren modernizazioa hasi zen.

Eta horretan garrantzi handia izan zuen gure Annak, 1880. urte inguruan, jatorri frantseseko lehen mahatsondo-landareak sartu zituelako Mendozan, Bordeletik ekarriak. Pixkanaka, jatorri espainiar edo italiarreko Mendozako mahasti guztiak frantziar jatorriko mahasti berriek ordezkatu  zituzten, eta errendimendu  eta ardoa hobetu ziren.

Haren lana askoz gehiago garatu zen Leopoldo Lucero Rincon nekazariarekin ezkondu zenez geroztik. Lucero-Larroucau bikoteak 4 seme eta 3 alaba hazi zituen. Horiek guztiak dinastia boteretsua osatu zuten.

Baina denbora laburrean egon ziren elkarrekin, senarra laster hil zen eta. Alargundu ostean, Anna Larroucauk Mendozako San Martineko lehen ongintza elkartea sortu zuen. Hainbat hamarkadatan lehendakari eta diruzain izan zen. Erakunde  haren bitartez, Anna Larroucauk haurren ongizate eta heziketaren alde lan egin zuen Argentinako eskualde horretan.

Anna San Martinen (Mendoza) hil zen 92 urte zituela, eta 2016an, Oloroe hiriak kale bati  haren  izena eman zion.


Ez da harritzekoa. Gaur egun, Argentina Hego Amerikako lehen ardo ekoizlea da, eta munduko ardo ekoizle handienetako bat (bosgarrena).


Mendozako probintzian Argentinako ardoen %60 baino gehiago ekoizten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!