Jon Arretxek 'Lyrica garaia' argitaratu berri du, Toure-ren sagaren bederatzigarrena

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 12a, 18:14

Gaur arratsaldean Elkar liburudendan aurkeztu du lana. Bilbon San Francisco auzoan kokatzen da 'Lyrica Garaia'.

Jon Arretxe Pérez idazle bizkaitarra.

Arbizun, Sakanan, bizi da duela 18 urte.

Filologoa, Kirol Hezkuntzan ere lizentziaduna, Kirolzalea, piano-jotzailea eta opera kantaria ere bada. AGAO (Asociación Gayarre de Amigos de la Ópera) elkarteak antolatutako opera eta zarzueletan abesten du.

30 bat libururen egilea. Haietako askotan bizikletaz egindako bidaietan ikusitakoak bildu ditu (Sahara, Amazonas, Karakorum, India, Txina, Nepal, Sumatra, Turkia…), nobela beltza eta bidaia literatura uztartuz. Azken urteotan etorkinen bizimodua erakutsi digu Toure pertsonaiaren bidez.

Orain saga honetako bederatzigarren liburua atera du: ‘Lyrica garaia’

Toure Burkina Fasoko etorkina da saga honetako protagonista, sasi detektibe, sasi igarle eta zorte txarreko persona, zalantzarik gabe.

Munduko hainbat tokitatik ibili ondoren Afrika Txikira, Bilboko San Frantzisko auzora itzuli da oraingo honetan. Sa Kene, bere lagun berezia, edo bikotearengatik kezkatuta dago….

'Lyrica Garaia' SINOPSIA

Bilboko Afrika Txikira itzuli da Toure. Sa Kenegatik kezkatuta dago, Madrilen bisita egin zionean gorputzean markak eta beltzuneak igarri baitzizkion. Gure sasidetektibea argitzen saiatuko da bere amorante lagunari zer gertatzen ari zaion, bidean oztopoak aurkituko baditu ere, eta min ematen duten egiak.

Prostituziorako lege berria dela, gentrifikazio-prozesua dela, hiri osoko aldaketa sakonak direla…, auzoa, nola edo hala, aurre egiten ari zaio etorkizun hurbileko errealitate zalantzagarriari.

Baztertuen munduan girotutako Lyrica Garaian, Toureren sagako bederatzigarrenean, Jon Arretxek maisuki tartekatu ditu auzoko giroari buruzko deskribapenak eta pertsonaien arteko elkarrizketa gogoangarriak, umoreari iskin egin gabe. Trama bizi eta zorrotzak irakurlea harrapatu eta ustekabeko amaiera batera eramango du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!