Nafar sortzaileen eta argitaletxeen eskaintza zabala, Durangoko Azokan

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko abe. 7a, 11:43

Argazkia: Gerediaga elkartea
  • Gaurtik igandera bitarte eginen da 57. Durangoko Azoka. 10:30ean zabaldu dituzte Landako guneko ateak.
  • Olaia Inziartek irekiko du Ahotsenea eguerdian. Arratsaldean, berriz, Goxua'n Salsa talde kolonbiar-nafarrak eskainiko du zuzenekoa.

Gaurtik igandera bitartean eginen da Durangoko Azokaren 57. edizioa. 248 postu ezarri dituzte. 930 nobedade berri, horietatik 689 liburuak izango dira, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta beste kategoria batzuetako 54 produktu. Horri lotuta 250 kultura-jarduera izanen dira. Normaltasunera itzuliko da, maskararik gabe eta edukiera murrizketarik gabe. Ikasle goizarekin abiatu dute azoka. Guztira, 1500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu Azokak. Sarrera edonola irekita izan da goizeko 10etatik bisitari guztientzat, nahiz eta tailerretan lekurik ez izan.

Plateruenako oholtzak hainbat musikari nafar hartuko ditu. Olaia Inziarte izanen da igotzen lehena. Lehengo Lepotikan Burua diskoa aurkeztuko du, gaur, 14:30ean. Arratsaldean, berriz, 20:20ean Goxua'n Salsa talde kolonbiar-nafarrak estudioko lehen albuma eskainiko du zuzenean. Larunbatean, Peru Galbete izanen da oholtzan, Beiratu lanarekin. Plaza Burutik talde irudindarrak itxiko du, Hamabost Segundu lanarekin.

Landako gunean Nafarroako argitaletxe eta disko-etxeak ere aurkituko ditu bisitariak. Gor Diskak diskoetxe nafarrak Addarrak taldearen Gordinik diskoa izanen du berrikuntza nagusi, eta autoekoizpena bada ere, Gorrek Asgarth heavy metal talde gipuzkoarraren Zeldatik proposamen berria ere izango du bere postuan.

Pamiela argitaletxeak 40 nobedade baino gehiago eraman ditu Durangora. Emakume artisten ezagutza helarazteko asmoz sortu da Bagara proiektua aurkeztuko dute, bihar. Edota Munduari bira eman zion ontzia Joseba Sarrionandiaren azkena.

Mintzoa argitaletxea, berriz, faksimileen edizioekin itzuliko da. Horietako batek Lazaro Galdiano saria jaso berri du. Amaiurren gutunak. Jaime Vélaz de Medrano kapitainaren gutuneria, gudu hartan nafarren alde borrokatu eta eutsi zuten pertsona askoren gutunak jasotzen dituena.

500 urte dira Amaiurko bataila izan dela, eta leku berezia izanen du Azokan urteurrenak. Nafarroako historiara begira jarri da Nabarralde ere. 500. urteurrenarekin zuzenean lotutako bi berrikuntza dakartza: Amaiur Gaztelu beltza eta Amaiur 500 urte. Bihar, berriz, Elkarrek  Amaiur! Libera State aurkeztuko dute Asisko Urmeneta eta Xabier Monasteriok. Aurkezpenean Isabel Aleman ere egongo da, Amaiurreko alkatea. Ostiralean, berriz, Amaiur ipuina aurkeztu eta kontatuko dute Amaia Elizagoien, Irati Celestino eta Irati Azkue egileek, Saguganbaran.

Txalapartak, berriz, lau nobedade eraman ditu Durangora. Hodeien gaineko aldean album ilustratua eta haurrentzako Kirun-karun pek, Euskal Herriko ibilbide mitologikoak eta Euskal Herriko historia ilustratuaren laugarren liburukia. Euskal Editoreen Elkarteak, Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek eta Pamielak argitaletxeekin batera, gainera, Xabier Leteren poema guztiak biltzen dituen hiru liburuz osatutako kaxa ere aurkeztuko dute. Larunbatean izanen da, 11:00etan.

Barrenkaleko 16. postuan izanen da, aldiz, Igela argitaletxea. Besteen artean, Itziar Diez de Ultzurrun itzulitako Antzinako berri berriak, Irene Pujadasen Puskak eta Pier Paolo Pasoliniren Kale gorriko umeak lanak izanen dituzte standean. Gaur, bihar eta etzi aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren.

Bi liburu aurkeztuko ditu gaur Katakrakek, berriz. Smith & Mac-en Puta zikinak eta Assata Shakur-en Autobiografia bat. Bihar beste bi lan aurkeztuko dituzte: Joseph Brodskiren Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera eta Lidia Txukovskaia eta Lidia Zukhovaren Haurrek hitza.

2022an argitaratutako dozena bat nobedade izango ditu, berriz, Nafarroako Gobernuaren standak. Horien artean, nagusia Beste mundu bat nahi genuen. Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979 Imanol Satrustegiren lana. Frankismoaren azken urteetan eta trantsizioan Nafarroako ezkerraren mugimendu politikoak aztertzen dituen obra bihar aurkeztuko dute, 10:30ean.

Nafar idazleen aurkezpenak

Hainbat idazle nafar izanen dira azokan hurrengo egunotan. Kixkur, Pinttoren arreba haurrentzako liburua bihar eguerdian erakutsiko dute Iñigo Astiz eta Mikel Valverde egileek. Ordu berean, haurdunaldiaz, erditzeaz edota umeen zaintzaz feminismotik hitz egiten duen M ama* eme* ume* (Elkar) liburua plazaratuko dute Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak.

Elkarrekin kaleratu berri duen Erretzaile damutuen konpainia aurkeztuko du, berriz, Aingeru Epaltzak, larunbatean. Angel Errok Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak (Erein) lanaz mintzatu da igandean, Ahotsenean, eguerdian. Arratsaldean, aldiz, Josu Jimenez Maiak hartuko du lekua Hitzen hasperenak (Maiatz) aurkezteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!