1967an izan zen bertsolari nafar bat azkenekoz Bertsolari Txapelketa Nagusiko final batean, atzo Imanol Satrustegi historia irakasleak twitterren zabaldu zuenez. Urte hartan zehazki bi izan ziren: Bautista Madariaga arantzarra eta Migel Arozamena lesakarra. Urte hartan ez zen finalaren aurretik kanporaketarik jokatu, eta lurraldeka banatu zituzten finalerako lekuak. Twitterreko Bianditz kontuaren arabera, aurretik beste lau finalista nafar izan ziren, molde berekoak.
NAFARROA GARAIKO FINALISTAK:
— Bianditz (@Txapelmuur) December 4, 2022
Andres Narbarte 'Xalto' 1960-1965
Bautista Madariaga 1967
Joanes Ilarregi 2022
Juan Felix Iriarte 'Berjinanto' 1936
Juan Perurena 1960
Migel Arozamena 1962-1965-1967
Migel Zabaleta 1962#BTN22
Beraz, Joanes Ilarregi leitzarra izan da azken 55 urteotan final baterako sailkatzea lortu duen lehen bertsolari nafarra. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu duen lehen aldian lortu du gainera, 23 urterekin. Leitzako Bertso-eskolan hezia, gazte-gaztetatik hasi zen bertsotan eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa hirutan irabazi zuen. Nafarroako Txapelketan laugarren sailkatu zen 2019an eta 2021ean. Irakasletza ikasi du, EHUn.
Txapelketa nagusiko finala hatz mamiekin ferekatu du beste bertsolari nafar batek, Julio Soto gorritiarrak hain zuzen ere. Bi puntu eta erdira geratu da; izan ere, Ilarregi izan da finalean sartzen azkena, 1.332,0 punturekin, eta Sotok 1.329,5 puntu jaso ditu. Hau da, jaso dituen puntuen %0,18 falta izan zaio finalean sartu ahal izateko. Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun antsoaindarrak ere oso txapelketa ona egin du, baina finaletik urrutiago geratu da, 1.270,5 punturekin.