Kalamua Ikertzeko Nafarroako Elkartea jarri du abian foru gobernuak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 24a, 07:43
Kalamua Ikertzeko Nafarroako ELkartearen aurkezpena. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak bultzatu du elkartea, eta laster eratuko dute NUPekin, Elikadura Katearen Berrikuntzarako Institutuarekin, IMABekin, Navarrabiomedekin, IDABekin, INTIA eta Nasertic sozietate publikoekin eta Josenea enpresa pribatuarekin.

Nafarroako Gobernuak asteazken honetako bilkuran onartu du Kalamua Ikertzeko Nafarroako Elkartean (ANIC) sortzeko. Elkartearen helburua da Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) lizentzia edo baimen egokiak lortzea eta kudeatzea, "bazkideen arteko ekitate-irizpidearekin eta Nafarroarako lurralde-ikuspegiarekin". Zehazki honako nbaimen hauek lortu nahi dituzte: kalamu-landareak ikertzeko hazteko baimena; landare horiek helburu mediko eta zientifikoetarako hazteko baimena; eta, ondoren, eta urtero, kalamu-landareak hazteko lursailen eta azalera osoaren urteko baimena.

Gainera, ANICen helburuak dira Nafarroan kalamu industrial edo sendagarriarekin lan egiten duten eragile guztiak taldekatzea eta koordinatzea, eta eragile horiei koordinazio eta elkarrizketa sektorialerako tresna juridikoa ematea, erakunde eta sektore arteko harremanetarako.

Era berean, enpresen, ikerketa eta prestakuntza-zentroen eta erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi du, Nafarroako kalamu industrialaren eta medizinalaren sektorea "dinamizatzeko, hazteko eta koordinatzeko", ikerketaren, laborantzaren, eraldaketa industrialaren eta azken produktua merkaturatzearen alderdietan, elkarlaneko proiektuen diseinua eta merkaturatzea sustatuz.

ANICek, gainera, "ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzen lagundu nahi du Nafarroako kalamu industrialaren eta sendagarriaren sektorean, balio-katearen kate-maila guztietan", eta arreta berezia jarri nahi du honako hauetan: kalamu industrialaren eta medizinalaren barietate berrien garapenean eta ikerketa genetikoan; kalamuaren propietate medikoen, farmakologikoen, elikagaien, industrialen eta kosmetikoen ikerketan; haren deribatuen aplikazio medizinalen, industrialen eta komertzialen ikerketan; kalamu industrialaren eta medizinalaren potentzialtasun ekonomikoen ikerketan, ekonomikoki ahulak diren edota despopulatzeko arriskuan dauden eremuetarako laborantza alternatibo gisa; eta Foru Erkidegoaren sektorearentzat eta lurralderako interesgarria izan daitekeen ikerketa-ildo berri orotan.

Era berean, Nafarroako kalamu industrialaren eta medizinalaren inguruan sortzen den jarduera ekonomiko eta ikerketa-jarduera osoarentzako irudi sektorial bat "sortzea, sendotzea eta sustatzea" du helburu, ikerkuntzaren, nekazaritzaren edo laborantzaren, industriaren, biomedikuntzaren eta merkataritzaren alderdi guztiak barne hartzen dituena, bai eta nazio eta nazioarte mailako sektore-harremanak erraztu eta koordinatzea ere.

Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburuak aurkeztu du ekimena, Elkartea osatuko duten zentro, sozietate eta enpresetako ordezkariekin batera. Kontseilariak nabarmendu duenez, "Nafarroak ahalmen handia du balio-kate osoan: nekazaritza sektore indartsua, langileak eta erreferentziazko zentroak ikerketan, bai eta farmaziako eta nekazaritzako elikagaien enpresa garrantzitsuak ere"."Hori dela eta, gure ustez, foru erkidegoa erreferente bat izan daiteke eta ondo kokatuta egon daiteke esparru arautzaile berriari begira”, gaineratu du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!