Aitziber Garmendia (Sortzen): “Jardunaldien ondorioak serioski aztertzea nahi dugu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko aza. 22a, 10:02

Nafarroako ikastetxe guztiek berriro erabaki beharko dute beren ordutegia 24-25 ikasturterako. Ordutegiak arautuko dituen foru agindu berria egiteko parte hartze prozesua bukatuta egin du iragarpena Hezkuntza departamentuak. Prozesuan parte hartu du Sortzenek.

Amaitzat eman du egungo ordutegien izaera esperimentala Hezkuntza departamentuak. Ordutegiak arautzeko foru agindu berria idazten ari dira, eta indarrean sartzen denean, ikastetxe guztiek berriro erabaki beharko dute zein ordutegi nahi duten.

Hezkuntza komunitatearekin egindako prozesu parte hartzailea bukatu ondotik eman du jakitera erabakia Hezkuntzak. Eragileek eskatu bezala, araudia onartu aurretik gertatukoaren ebaluazioa eginen dute. “Hainbat urtetan luzatu da esperimentua. Orain nahi dugu serioski hori baloratzea, akademikoki zer ateratzen den ikusteko”, azaldu du Sortzeneko Aitziber Garmendiak.

Zein jardunaldi hobesten duen zehaztu gabe, jardunaldiaz gain, horri lotutako jarduera eta zerbitzu guztiak arautzeko eskatu du Sortzenek.

17-18 ikasturtean hamahiru ikastetxek zuten jardunaldi jarraitua. Gaur egun, 154 ikastetxek dute ordutegi hori, ia publiko guztiek. 65 zentroetan ari dira ordutegi malguarekin (28 publiko eta 37 pribatu). 24-25 ikasturterako hartu den erabakiak, hiru eta bost urte arteko iraupena izanen du.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!