Jorge Txokarro (Torturatuen Sarea): “Tortura auziak izebergaren punta direla ikusiko dugu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko aza. 17a, 09:33

Tortura Nafarroatik harago jardunaldiak egingo ditu Nafarroako Torturatuen Sareak, gaur, nazioarteko adituen parte-hartzearekin.

Nazioarteko adituak bilduko ditu gaur Nafarroako Torturatuen Sareak, Medikuen Elkargoan, 18:30ean. “Tortura Nafarroatik harago” izenburupean torturaren errealitatea testuinguru zabalago batean kokatu nahi dute, baina bertakoa ahaztu gabe. “Ikusiko dugu Euskal Herrian eta Nafarroan batez ere torturaren auziak izeberg baten gisan kokatzen direla. 600.000 biztanle gara, eta datuak esanguratsuak dira”, ohartarazi du sareko Jorge Txokarrok. Torturatuek egin dituzten neurketen arabera, Nafarroan mila kasu inguru gertatu dira azken sei hamarkadetan.

Lau hizlarik osatuko dute gaur arratsaldeko saioa. Torturaren eragina Espainiako Estatuan. Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan gaia landuko du 2019ko Giza Eskubideen Sari Nazionala jaso zuen Jorge del Cura Antónek. Torturengatik Estatua zigortzeko bide luzea azalduko du Olivier Peter Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegi aurrean defentsan espezializatutako abokatu suitzarrak. Tortura mundu-testuinguruan ezarriko du Helena Solà Torturaren aurkako Munduko Erakundeko (OMCT) taldeko kideak. Amaitzeko, justizia trantsizionalaz eta eskumen unibertsalaz ariko da Santiago Bereciartua abokatu argentinarra.

Oraingoz, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martín Zabalza Arregik, Biktimei Laguntzeko Bulegoko atalburu Blanca Burusco Juandeaburrek, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendari José María González Varizek eta gehiengo parlamentario eta sindikalaren ordezkariek baieztatu dute bertan izango direla.

Jardunaldiak igandean izanen du jarraipena. Golem Baiona zinema-aretoetan “Argentina 1985” filma proiektatuko dute, eta Santiago Bereciartua legelari argentinarrarekin solasaldia izango da, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariaren gidaritzapean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!