Emausko Trapuketariak 1972an iritsi ziren Nafarroara. Ordutik igarotako mende erdian egin duten lana ospatzeko, Metropoi Foral saioa Berriozarren duten Birziklatzeko eta Berrerabiltzeko Prestaketa Gune handitik egin dugu.
Trapuketariekin 20 urte lanean daramatzan Lucio Tabarrek haien proiektuaren zio nagusien berri eman digu: “Egiazko ekonomia zirkularra lantzen dugu, espiralean behera doana, eta ez orain beste batzuek beren burua zuritzeko darabilten hori”. “308 lagun baino gehiagoko taldea gara, zailtasunetan bizi diren pertsonei lekua egitea eta mundu bidezkoago baten alde egitea lehenesten dituena. Gure forma juridikoa irabazi asmorik gabeko Fundazioa da, Txertatze Enpresa bat biltzen duena”, gaineratu du.
Amaia Olaberrirekin eta beste hainbat trapuketarirekin, bisita gidatua egin dugu. Hainbat datu argigarri eman dizkigu: “Trapuketarietan 308 lagun ari gara lanean, 34 herrialdetatik etorritakoak. Gure lantokiak guztira 20.000 metro koadro dira. Urtean, etxez etxeko 43.720 bilketa egiten ditugu, eta Joan den urtean 10.488.670 kilogramo berreskuratu genituen.
Gure saioan parte hartu dute, halaber, Ekonomia Solidario eta ALternatiboaren sareko Miguel Angel Llamas Pituk eta June Donemiliagak.