Nafarroako Parlamentuko talde guztiek babestu egin dute Estatuaren indarkeriaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko eta beren eskubideak bermatuak izateko Foro Sozial Iraunkorran egindako eskaera. Fernando Armendárizek, José Luis Urizek eta Agus Hernanek, Foro Sozial Iraunkorraren izenean “Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera” izeneko txostena aurkeztu dute. Dokumentuak biltzen dituen eskaerak Foro Sozial Iraunkorrak 2022ko udaberrian antolatutako biktimen arteko bi topaketa publikotan jaso ziren.
José Luis Urizek azpimarratu duenez, beharrezkoa da “erreseteatze kolektiboa” egitea, biktima guztiak berdin, distantziakidetasunik gabe eta diskriminaziorik gabe babesteko. Hortaz, Gizarte Foroaren helburua “biktima mota ororenganako ekintzazko edo hitzezko diskriminazio adierazpen oro” gainditzea da, eskubideak urratzen dituzten eragileen araberako bereizketarik edo kategorizaziorik egin gabe. Ildo horretan, erakundeek, alderdi politikoek eta komunikabideek eredugarritasun-betebeharra izan beharko luketela nabarmendu dute Foro Sozialeko kideek.
Urizek aitortu duenez, garrantzi berezia dauka txosten honetan bizipen eta esperientzia desberdinak dituzten pertsonak bat etortzeak “etorkizun hurbilean gizarte gisa eta beharrezko lidergo instituzionalarekin”, aurrerantzean eman beharreko urratsak eta erronkak finkatzean, biktima gisa dagozkien eskubideak betetze aldera eta batez ere, “bizikidetza demokratikoaren oinarri sendoak eraikitze aldera”. Etorkizunari begira, Foro Sozialak dei egiten du “hizkuntza desarmatzera eta min guztiak errespetatuko dituen inklusiboagoa bilatzera”.