Espainiako Espetxe Erakundeak atzo iragarri zuen hamaika preso politikoren gerturatzea, Estatuko presondegietatik Euskal Autonomia Erkidegoko Zaballa, Basauri zein Martutenera. Urrats honen aurrean bere irakurketa egin du Foro Sozialak.
Bake prozesua indartzeko sortutako erakundearen ustez "preso guztiek zigorrak beren ingurune familiar eta sozialetik gertu betetzea bizikidetza demokratikorako ekarpena" da. Azken boladan Estatuak abiatutako gerturatze prozesuaren aurrean piztutako "eztabaida sutsuaren aurrean" bere irakurketa plazaratu du Foro Sozialak ohar bidez, gogoraraziz "hurbilketak legearekin bat" datozela eta ez dakartela "inolako espetxe-onurarik zigorrak betetzean".
Azpimarratu du gainera Hego Euskal Herriko "gizartearen gehiengoarekin" bat egiten dutela "hurbilketek", eta erakundeei erreparatuz gero gaineratu "jarrera horrek Eusko Legebiltzarraren % 91ren, Nafarroako Parlamentuaren % 62ren eta, era berean, Diputatuen Kongresuaren % 55aren babesa" duela. Motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoak hurbiltzeko prozesuarekin gehiengo sindikalak ere bat egiten duela gaineratu du oharrean Foro Sozialak.
Presoek euren zigorrak EAEko zein Nafarroako espetxeetan betetzea "espetxe-politika arrunta" aplikatzea dela berretsi du eta "biktima guztien iritzia ordezkatzen ez duten arren" Foro Sozialak ohartarazi du badaudela "hurbilketak legearekin bat datozela defendatzen duten ETAren biktimak".
ETAren jarduera armatua amaitu zenetik hamaika urte pasa direnean eragile eta erakundeei "bide honetatik jarraitzeko" eskatu die bake prozesua indartzeko erakundeak haren gogoetan. "Hurbilketak determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzen badute, prozesu honekin aurten bertan amaitu daiteke" Foro Sozialaren iritziz.