Epaileak uste du zigor haustea ikertu behar duela Zigor Epaitegiak jaso ez duelako Probintzia Auzitegiak ezarri zuen zigorraren behin behineko etenaren berri.
Gaia zinez korapilatsua da, lehenik eta behin gogoratu behar dugu Auzitegiak 2020ko apirilean Gaztelu plazako kluba zigortu zuela Artxankoren garaian eginiko Ogasunaren aurkako delitu fiskalengatik. Zigor horrek eragin zuen Osasunak 45 hilabetez, hau da 2024a arte, edozein motatako diru-laguntza publikoak jasotzeko debekua.
Ondoren Zigor Epaitegiak bederatzi hilabeteko pena gehigarria jarri zion, ere diru laguntza publikoak jasotzea debekatzen zuena, garai berean PFEZaren ordainketak ez egiteagatik. Zigor hau Audientziak ezarritakoaren ondoren bete behar zuen Osasunak. 2025 urtea arte.
Egoera honetan, behin zigor hauekin batera ezarritako zorrak kitatuta eta isun ekonomikoak ordainduta gorritxoek eskatu zuten zigorra behin behinean bertan behera uzteko. Probintzia Auzitegiak onartu egin zuen Osasunaren eskaria 2022ko apirilaren 29an.
Bada epaileak jakinarazi du aurtengo irailaren 16an Udala eta Osasunaren arteko publizitate kontratuaren gaineko ikerketa ireki zuenean eta Gaztelu plazakoen elegilea jaso zuenean, jakin zuela Audientziak ezarritako lehen zigorra etenda zegoela, antza denez ez baitzuen jaso ez Probintzia auzitegiaren ez zigortutako klubaren jakinarazpenik. Publizitate kontratu hori Osasunak eta Iruñeko udalak aurtengo maiatzaren 19an sinatu zuten.
Testuinguru honetan epaileak uste du diru-laguntza publikoak jasotzeko zigorra urratu duela Auzitegiaren zigorra behin behinean etenik egonda, Zigor Epaitegiaren pena betetzea dagokiolako, hau da, hark ezarritakoa. Epailearen ustez gainera, nahiz eta babesletza kontratu bat izan zehaztu behar da diru-laguntza publikoaren izaera ote duen, ala Klubak, Udalak eta Fiskaltzak argudiatu bezala kontratu pribatua den.