Irrimola liburuagatik ilustrazioko Euskadi literatura saia jasoko du Maite Mutuberria eltzaburuarrak. Gaur eman dute ezagutzera erabakia, Gasteizen. Javier de Isusi, María Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiaienek osatutako epaimahaiaren ustez, Mutuberriaren lanak album ilustratuaren kontzeptua "beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu batera, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen”.
Ikaselkar argitaletxearekin batera egin du borobila den liburua. “Ilustrazioen atzean kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena”, adierazi du epaimahaiak.
2020an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Iñigo Astiz-en Joemak eta polasak liburuari eman zion Euskarazko Haur eta gazte literatura saria. Maite Mutuberriarekin batera egin zuen.
Sarien banaketa, azaroaren 24an
Euskadi literatura sarien banaketa azaroaren 24an izango da Tabakaleran, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Uxue Apazaolaren Bihurguneko nasa Euskarazo Literatura kategoriako irabazlea izendatu dute gaur, eta Leire Bilbaoren Barruko Hotsak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura kategoriakoa.
Guztira zazpi sari banatuko dira, eta datorren astean gainerako lau sariak iragarriko dira: Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera.
Saritutako pertsona bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro gehitu ahal izango zaizkio lana beste hizkuntza batera itzultzen bada.