Guardia Zibilak 1936ko abuztuaren 28an atxilotu zuen Gregorio Albo Urzelai trenbide langilea, UGTko eta PCEko militantea, Arrotxapeko bere etxean. Ordutik, haren senideek ez dute haren berririk izan, Nafarroako Gobernuaren DNA Bankuak haren gorpuzkinak identifikatu dituen arte.
Gorpuzkinak aurtengo uztaileko azken astean topatu zituzten, Baternainen. Eta Gregorio Alboren alaba Txaro Albok bankuan utzitako DNA laginekin alderaturik identifikatu ahal izan dute. Txaro Albo Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide engaiatua izan zen, duela bi urte zendu zen arte.
Gregorio Alboren biloba Manu Ibero Metropoli Forala saioan elkarrizketatu dute gaur. “86 urte pasa dira aitona fusilatu zutenetik. 86 urtean bi belaunaldi desagertu dira. Badugu sekulako poza, baina aldi berean tristura, gure amona Pilar eta gure ama Txaro ez daudelako. Hemen izanez gero biok zoriontsu izanen ziren gurekin batera. Gure ama duela bi urte hil zen. Gure amak beti erakutsi zigun gure aitonaren memoria. Oso inplikaturik egon da berarentzat justizia, egia eta aitortza lortzeko borrokan”, azaldu du.
“36ko abuztuaren 28an, Guardia Zibila gure aitonaren etxetik pasa zen eta atxilotu zuen. Ordutik ez dugu gehiagorik jakin. Hemendik aurrera, esan dezaket badakidala zer gertatu zen. Baternainera eraman zutela, bere lankide batzuekin batera, trenbide-langile batzuk atxilotu zituzten eta egun horietan. Badakigu ez zela Iruñeko espetxetik pasa. Beraz, atxilotu eta berehala atxilotu zuten”, gaineratu du. “Nire familiarentzat 86 urte hauek zigor erantsia izan da. Ezin da gizarte bat antolatu halako ixiltasun baten gainean”, salatu du.