Asteburuan hurrenez hurren Donostian eta Lizarran jokaturiko azken bi kanporaketen ondotik, jada behin betikoa da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo faserako sailkatu diren 19 bertsolarien zerrenda. Ezin atzendu daiteke Maialen Lujanbio zuzenean dagoela finalerako sailkatua, txapeldun moduan.
Joanes Illarregi Marzol leitzarrak Arrasateko kanporaketa irabazita zuzenean sailkatu zen finalaurrekoetarako, 678 punturekin. Larunbateko Donostiako kanporaketak sailkatuta utzi zuen, 691 punturekin, Julio Soto Ezkurdia. Eta atzo Lizarrako kanporaketa amaitu zelarik jakin zen Saioa Alkaiza Guallar ere sailkatua zegoela, 673rekin.
Bizkarra irabazle LIzarran
Lizarrako Los Llanos aretoan elkartu ziren atzo bertsozaleak lehen faseko azken saioa ikusteko. 500 bertsozaletik gora aurrean, aretoa beteta zegoela kantatu zutren sei bertsolariek Amaiur Lujanbio Agirre gai-emaileak gidatutako saioan. Bertsolariak: Imanol Uria Albizuri, Asier Azpiroz Iztueta, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi', Unai Gaztelumendi Arandia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Maialen Akizu Bidegain.
Aitor Bizkarrak lortu zuen puntu gehien pilatzea, 693,5 puntu. Jarraian geratu ziren Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652 puntu), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ (622,5). Beraz, Aitor Bizkarrak zuzenean lortu du finalaurrekoetarako txartela eta Durangoko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 12an.
Epaile lanetan, lehen fase osoan aritu diren zazpiak atzo ere: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Zortziko nagusi eta txikiko saioak egin zituzten bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun zuten. Hauxe atzoko gaia: zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur, laguntza eskatu beharrean zaude. Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa.