Erdiz babesteko manifestazioa eginen dute urriaren 12an Baztanen

Iosu Ganuza Garcia 2022ko urr. 7a, 07:36

31 eragilek bat egin dute deialdiarekin.

"Lurraren etorkizuna, gure etorkizuna! Erdiz Bizirik!" lelopean kalera aterako dira baztandarrak urriaren 12an, heldu den asteazkenean. Prentsaurreko jendetsuan 31 eragile politiko, sozial eta kulturalek haien atxikimendua adierazi zuten, Baztango Erdizeko herri-bazkalekuan MAGNAk egin nahi duen harrobiaren aurka deitutako mobilizazioarekin.

Atzokoan "lurraren defentsan borrokatzeko prest gauden herritar" gisa aurkeztu zuten euren burua. Honakoak defendatu zituzten: "lurretik jaten dugu, edaten dugu, lurrak bazkatzen ditu gure inguruko animaliak, lurrak marrazten ditu gure paisaiak". Gaineratu zuten harrobiak suntsitua izateko arriskuan den Erdiz gunea Baztango "historiaren oraina eta etorkizunaren parte" dela eta "izanen" dela eta bazkaleku hori herritarren "bizimodu, kultura eta ekonomiaren ezinbertzeko euskarria" dela berresteko.

Honekin batera harrobiaren proiektuaren aurka egin zuten "Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duen meategiak herri bezala bizirauteko behar ditugun baliabideak" suntsituko lituzkeela argudiatuta, "baztandar eta nafar guzien kalterako". 

Hori dela eta baztandarrei dei egiteaz gain, Nafarroa osoko herritarrak deitu dituzte asteazkenean, hilak 12an, arratsaldeko bostetan Elizondoko plazatik aterako den manifestazioan parte hartzera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!