Gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna aztertu dute gaur Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak, Kondestable Jauregian egin dituzten jardunaldietan.
Azken urteotan ezagutzak nabarmen egin du gora du Nafarroan. Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik ezagutzaren inguruko datuak azpimarratu ditu, Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aitzinean: “Lau gaztetik bat euskalduna da. Baina gaitasun erlatiboan aldaketak ematen ari dira, haien profila aldatu baita, gehienek euskara ez dutelako etxean jasotzen baizik eta eskolan”.
Gauzak horrela, erabileran ez da halako gorakadarik lortu. Castillo Suarez euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidearen arabera ez da soilik eremu ez euskaldunetan gertatzen ari, “euskalduntzat ditugun eremuak ez baitira guk uste bezain euskaldunak”. Hori horrela, Suarezen aburuz, “arazoa ez da gazteek euskara zabarra egiten duten, baizik eta euskara egitea, eta horretarako atxikimendua lortzea”.
Arregi eta Suarez ez ezik, Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aurretik igaro dira Sagrario Aleman euskaltzain osoa; Iturrama Institutuko ikasle Xabier Olano Antoñana, Amagoia Nuin Del Rio eta Uxune Campos Huarte; Dindaia Fundazioko Esther Lakasta; Topagunearen Larunblai ekimeneko Ander Barandiaran; eta Yolanda Arrieta idazlea.