Antxiñe Mendizabalen (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) Odolekoak izenburudun lehen eleberriak 2020an ikusi zuen argia, Elkar argitaletxearen eskutik. Gaur, Vinculos, horren gaztelaniazko itzulpena aurkeztuko dute Iruñean. Bego Montoriok eraman du nobela gaztelaniara.
Iruñeko familia baten historia kontatzen du liburuak, 1941tik eta ia gaur egun arte, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka: “Amatasun eta alabatasun zapuztuen ahotsak bildu ditut. Konponketa baten istorioa da, ia. Alaba bat inoiz izan ez zuen ama horren bila, eta bidenabar gure historiaren errepasoa”, azaldu du Mendizabalek gaur goizean, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.
Izan ere, Iruñean (eta, hedaduraz, Euskal Herri osoan) moda, gertakariak zein bizimoduak urte horietan guztietan nola aldatu diren islatzen du liburuak: “Ez zen eleberriaren hasierako asmoa. Ama-alaben arteko harreman zapuztu horri erreparatu nahi nion, baina pertsonaiek nonbait hartu behar zuten lurra”. Eta Iruñean egin zuten: “Iruñea ezagutu nezakeen hiri bat zen, eta erakartzen ninduen, beharbada Gasteizek, Bilbok eta Donostiak ez bezala, seguru aski intuitzen nuelako Iruñean zeuden kontraste politiko eta sozial horiek guztiak orekatzeko gauza izango nintzela“.
“Asko irakurri behar izan dut Iruñeari buruz, baina momentu batetik aurrera eroso bezala sentitu naiz. Irudimenaren bitartez hurbildu naiz Iruñera, eta gero informazioa etorri da. Oreka bat izan da irudimenaren eta informazioaren artean. Momentu batean iruditu zait ulertu dudala hiriaren nortasuna eta bertan gertatzen ziren mugimendu horiek guztiak, bereziak, batzuetan kontraesankorrak, oso erradikalak, kontrastez beteak. Nahiko funanbulista naizenez, uste dut oreka horietan mugitzen jakin dudala. Baina hori irakurleek esan behar dute”, gaineratu du Mendizabalek.