Nafarroako Euskararen Kontseiluak ez du onartu euskararen merezimenduen dekretua. Gaur egin dute bilera, eta gehiengoak ezezkoa eman dio Nafarroako Gobernuako Javier Remirezen departamentuak landutako proposamenari. Dekretuak hamabost kontrako boto jaso ditu, eta sei abstentzio.
Nafarroako Euskararen Kontseilua kontsulta-organoa da hizkuntza-politikaren arloan. Ez du izaera loteslerik, baina nahitaezko tramitea da exekutiboarentzat proiektuak eta planak onartzeko. Dekretua Toki Administrazioaren Kontseilura eta Nafarroako Kontseilura eramanen dute gobernuan onarpena eman baino lehen. Azaldu dutenez ez dute abendua baino lehenagorako espero.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019ko urriaren batean karrikaratu zuen Uxue Barkosen gobernuaren euskararen dekretuari buruzko epaia. Ordukoa da afera. 2017ko dekretu hark euskara baloratzeko aukera ematen zuen, baina auzitegiak eremu mistoan, eremu ez-euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzea baliogabetu zuen.
Geroztik dekretu berri bat iragartzeen ari da gobernua. Iazko ekainean azaldu zuten ez dutela euskararen ezagutza baloratuko eremu ez euskaldunean. Euskararen Legearen araberako eremu euskaldunean eta mistoan baloratuko dute soilik euskara, lan eskaintza publikoetan. PSN eta Geroa Bairen tirabiren ostean, eremu mistoan ñabardurekin. Lanpostu jakin batzuetan soilik.
Maiatzean aurkeztu zien departamentuak dekretuaren behin betiko idazketa Funtzio Publikoko mahaiko sindikatuei. ELA eta LAB oso kritiko azaldu ziren hasieratik, baina gobernuak ez ditu sindikatuek egindako alegazioak aintzat hartu.
Gaur Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak euskararen kontseiluaren bileran aitortu du gobernuan ez dagoela adostasunik dekretuaren inguruan, eta bat egiten duela kontseiluak adierazi duenarekin.
Ollo kontseilaria da kontseiluko buru, eta erakunde publiko eta pribatuak daude ordezkatuta, baita euskararen eta euskal kulturaren gizarte-eremua ere: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste sail batzuk), Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia – Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak – Euskal Ikaskuntzen Elkarteak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Gazteriaren eta Kazetarien Elkarteak.
Plan estrategikoa, geldirik
Euskarari lotuta, bada beste korapilo bat gobernukideen arteakoa: Euskararen II Plan Estrategikoa. Bigarren plan estrategikoa koalizio gobernuaren akordio programatikoan jasotako konpromisoetako bat den arren, gobernuak ez du datarik ezarri araua onartzeko. Gobernukideen arteko “desadostasunengatik” dago geldirik. Hala aitortu du Ollok euskararen kontseiluan. Areago, Euskarabideko idazkari nagusi Mikel Arregik esan du “tristea dela” eta “kezkatuta” daudela: "Hizkuntz eskubideak existitzen direla ere ukatzeraino iritsi dira, gure harridurarako. Horrela oso zaila da hitz egitea".
Euskara ofiziala egiteko eskaera
Euskararen Kontseiluak, halaber, eskatu du euskara Nafarroako Foru komunitate osoan ofiziala izan dadin, Euskararen foru legea lehenbailehen aldatzeko. Hemeretzi bozka izan ditu proposamenak alde eta hiru abstentzio. Adierazpena gobernura eta parlamentura helarazteko konpromisoa hartu du Ollok.
Mañeruk eremu mistora pasatzea onetsi berri duenetik, 64 udalerri daude eremu euskaldunean, 99 mistoan eta 109 ez euskaldunean. 2017an izan ziren azken aldaketak, 44 udalerri igaro ziren eremu mistora. 2010ean hiruk eman zuten urratsa.