Bost nafar ariko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 16a, 09:16
Argazkia: Bertsozale Elkartea.
  • Irailaren 24an abiatuko da txapelketaren 18. edizioa. 
  • Hiru saio jokatuko dira Nafarroan: Lizarran, Elizondon eta Iruñeko Nafarroa Arenan finala, abenduaren 18an.
  • Nerea Erbiti iruindarrak egin du sintonia.

“Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”. Pandemiak gogor kolpatu du bertsolaritza, baina bertso plaza berpiztuta txapelketa nagusiari heltzeko prest da Bertsozale Elkartea. Hala baieztatu zuen atzo Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideak aurkezpen ekitaldian. Urtebete atzeratu behar ostean, irailaren 24an abiatuko da txapelketa. 41 bertsolari lehiatuko dira; horien artean, bost nafar.

Getxon hasiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Muxukebarri Zentroan, 17:00etan. Etxarri Aranazko Eneko Lazkoz ariko da saio horretan, haren bigarren txapelketa nagusia abiatuz. Agin Laburu, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal izanen ditu kide.

Hiru nafar hartuko ditu, berriz, lehenengo faseko bigarren saioak. Bosgarrenez lehiatuko den Xabier Silveira eta aurrenekoz parte hartuko duten Joanes Ilarregi eta Saioa Alkaiza egungo Nafarroako txapelduna ariko dira bertsotan, Arrasaten. Gotaine-Irabarnen ariko da Julio Soto, urriaren 1an. Laugarren txapelketa nagusia du iruindarrak. Lizarran izango da lehenengo faseko azken saioa, urriaren 9an, Los Llanos kultur gunean.

Hamalau saioko txapelketa antolatu dute. Lehenengo fasean 36 bertsolari ariko dira. Talde bakoitzeko irabazlea hurrengo fasera igaroko da zuzenean, eta puntu gehien lortzen dutenekin finalaurrekoen taldeak osatuko dituzte.  Lehenengo finalaurrekoa Elizondon izanen da, Baztan pilotalekuan, urriaren 22an.

Aurrenekoz Iruñean izanen, berriz, finala. Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala bertan egitea erabaki dute. Orain finaleko lanak gauzatzeko laguntza bila ari da elkartea. bertsozale.eus webgunean edo 948143747 telefonoan eman daiteke izena boluntario izateko.

Gai jartzaileak eta epaileak

Gai jartzaileen artean ere badago nafarrik. Ander Aranburu lizarratarrak jarriko ditu gaiak, Arrasaten. Maialen Belarra doneztebarra Irungo finalaurrekoan ariko da, azaroaren 5ean. Iruindartutako Sustraia Colina urruñarra ariko da saio horretan, sailkapen zuzena eskuratu ondoren. Finalaurrekoen bigarren itzulian jarriko dituzte gaiak Ainhoa Larretxea beratarrak eta Alaitz Rekondo lesakarrak. Baionan, lehenengoak, azaroaren 26an; Iruñean, bigarrenak, Inon Zalduarekin batera, txapelketako finalean.

21 bertsozalek osatuko dute epaile taldea. Horien artean, Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarra, Nerea Bruño atarrabiarra eta Saioa Mitxelena beratarra.

Sintonia iruindarra

Aurkeztu dute 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du, bere taldearekin batera. Rakel Arbeloak bateria eta atabala jo ditu; Xanti Etxeberriak, kontrabaxua; Amets Aznarezek, tronboia eta Ion Celestinok, tronpeta. Josu Martik egin ditu grabaketa eta nahasketa, eta Moises Berdoncesek, masterizazioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!