Urgentziazko galderen bitartez, Volkswagenen azken berriak parlamenturaino iritsi dia. Lehentasuna enpleguari eustea izan dadila eskatu diote talde guztiek gobernuari, eta horretan lanean ari direla esan du exekutiboak. "Beti egin izan dugun bezala", zehaztu du Maria Txibitek. Navarra Sumari zuzendu zaio presidentea: "Baztertu, eta ez enbarazurik egin".
Alor ekonomikoan, datorren urterako aurrekontuak ditu lehentasun ere exekutiboak. “Neurrian” aurten baino handiagoak izanen direla esan du presidenteak, eta ardura eskatu die taldeei kontuak onartu ahal izateko. Hiru bider ahalbidetu ditu aurrekontuak EH Bilduk legegintzaldian, eta laugarren baterako prest direla agerian geratu zen atzo. Beste puntu batean aurreratu zuen koalizioak negoziazioan parte hartuko dutela, baldin eta baldintzak betetzen badituzte. 0-3 zikloaren auziaz mintzo egin zituen adierazpenak Bakartxo Ruiz parlamentariak: "2022ko aurrekontu akordio bat sinatuta dago, eta oraindik gauza batzuk betetzeko daude. Baina ahaztu behar ez duguna da 2023koak negoziatzeko dagoela. Hainbat enplazamendu izan dira, eta horiei gure konpromisoa jartzen diet mahai gainean. Hezkuntza departamentuari eta Nafarroako Gobernua osatzen duten taldeak benetako borondatea izatera deitzen ditut".
Bete gabeko gehiago egotzi dizkiote parlamentuan foru gobernuari. Joan den urteko konpromisoa da trafiko eta bide segurtasunaren eskuduntzaren aldaketa, baina legegintzaldia amaitzear da, eta ez da gauzatzen ari.Javier Remirez presidenteordeak azaldu du iristeko "zorian" dagoela, baina ez du eperik eman, zehaztuz “baldintza egokienetan" egin dadin nahi dutela. "Adierazpenak, bai; baina ekintzarik ez" dagoela salatu du Geroa Baik.
Euskararen II Plan Estrategikoa ere eraman du eztabaidara koalizioak. Bigarren plan estrategikoa koalizio gobernuaren akordio programatikoan jasotako konpromisoetako bat den arren, gobernuak ez du datarik ezarri araua onartzeko. Egoera desblokeatzeko eskatu diote PSNri, eskuinaren beldur ez izateko.
Geroa Baik Ana Ollo kontseilariari egin dio planaren egoeraren inguruko galdera, eta honek onartu du “gobernu barruan” ez dagoela akordiorik onarpena gauzatzeko. Planik gabe ere egindakoak nabarmentzeko baliatu du aukera Ollok. Digitalizazioan eta itzulpengintzan emandako urratsak aipatu ditu, esaterako.