Azken hamar urteetan azken aldiz bildu zen atzo goizean lehorteen mahaia, egoera zein den aztertu eta irtenbideak bilatzeko. INTIA sozietate publikoak txosten bat egin du, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren eskariz, eta begien bistakoa dena berretsi dute datuek.
%30 inguru murriztu da belardien eta larren ekoizpena, azken 10 urteetako batez besteko ekoizpenarekin alderatuta. Urbasan dago jateko gutxien animalientzat, %43 gutxiago.
Uztaren eta uraren eskasiaren ondorioz, abeltzainek bizi dute egun egoerarik zailena. Hala berretsi zuten atzo bilkuran izandako UAGN, EHNE, UCAN eta ALINAR sindikatuetako ordezkariek. Uztaila hasieran jaitsi behar izan dituzte haziendak larreetatik. Egoerari irtenbidea bilatzeko, abeltzainei zuzendutako 6 milioiko ezohiko deialdia iragarri zuen atzo Nafarroako Gobernuak.
Zehazki, Bruselak baimentzen dituen FEADER funtsen %100 aktibatuko ditu (1,8 milioi), eta gobernuaren 4,2 milioi funtsekin osatuko ditu laguntzak. Funtsak negoziatzen ari dira orain, eta datorren urteko lehenengo hiruhilekorako espero dute deialdia prest. Martxoa eta urria artean izanen dela zehaztu du Euskalerria Irratian Patxiku Irisarri EHNE sindikatuko idazkari nagusiak. Hala azaldu zieten bileran, baita gehienezko zenbatekoak izanen dituela.
Abeltzainak bakarrik ez, nekazariak ere kaltetu ditu idorteak. INTIAren txostenaren arabera, bazka-artoaren uzta %44 inguru murriztuko da, batez ere ipar-mendebaldean. Zerealak %22ko batez besteko jaitsiera izanen du, nabarmenagoa iparraldean; eta Iruñerrian eta Lizarraldean ekilorearen uztaren murrizketa izanen da nabariena (%28 inguru jaitsiko da).
Euririk apenas ez du egin, eta azken hiru hilabeteetako urtegien ekarpena minimo historikoetan dago, 1980tik. Aragoi eta Arba arroak larrialdian sartu dira, eta Irati, Arga eta Ega ibaien arroak aurrealerta egoeran daude, esaterako. “Gauzak horrela jarraitzen badu nekazariak ere oso kaltetuak izanen dira. Izan ere, Esa %20 beheiti dago, eta ureztatzeari murrizketak iragarri dizkiote maila batetik behera”, azaldu du Irisarrik.
Urtegiaren egoera “apartekoa” dela onartu du Teresa Cavero Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) Nafarroako Ustiapen arduradunak. Erreserbak berreskuratzea aurreikusten du konfederazioak, eta ziurtatu dute urtegi guztietan hornikuntza bermatuta dagoela.