Unai Uhalde: "2023tik aurrera gobernu anitz eta aurrerakoia izatea da gure apustua"

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ira. 2a, 11:15

Astelehenean izanen da legegintzaldiko azken urte politikoko lehenengo Mahai eta Eledunen Batzordea Nafarroako Parlamentuan. Ohiko jardunera itzuliko da foru ganbera, eta “bizia” aurreikusten du Unai Uhalde presidenteak.

Nafarroako Parlamentuak hamabost bat legerekin ekingo dio azken ikasturteari. Irailaren 8an izanen lehenengo osoko bilkura, zazpi hilabete barru desegingo da gabera, XI. legegintzaldiko gobernua osatzeko hauteskundeak egiteko. 

Sutsua izan zen azken urte politikoa. Bide horretatik jarraituko du jardun politikoak?

Hogeita hamar lege inguru izan genituen aurreko kurtsoan, lehen bi urteak ezohikoak izan zirelako, eta egutegi legislatiboen guztia joan zen urtean sartu zen. Orain zazpi hilabete eskas ditugu parlamentua desegin arte. Beraz, badugu lana, eta udan hainbat lege sartu dituzte gainera. Gobernu kontrol mailan ere intentsitatearekin bukatu zen kurtsoa, suteen ingurukoekin; eta dirudienez lehen asteak ere horrelakoak izango dira. Agerraldi ugari eskatu dituzte pandemiaren maskaren eta kudeaketaren inguruan.

Parlamentuko buru gisa, zeintzuk dira erronkak eta lehentasunak?

Diru laguntzen alorrean, lege aldaketa bat egin nahi da prozesuak arintzeko. Datorren urteak garrantzitsuak izango dira diru laguntzen aldetik. Enpresek edota udalek proiektuak egiteko Europako fondoak jaso ahal izatea erraztuko du. 

0-3 zikloaren liskarrari dagokionez, lege aldaketa bat proposatu zuen Navarra Sumak. Gobernuaren txostena behar du, irailean segur aski burutuko da, eta eztabaida izango da horren aldetik.

Erronka polit bat ere badago: ezgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko legea. Legealdi guztiko lana da. Parlamentutik eta unibertsitatearen aldetik egin zen txosten bat, eta horren harira, Eskubide Sozialen departamentuak lege bat egin du, nazioarteko eskubideetara egokituta. 2023ko aurrekontuak ere iritsiko dira, baita atzerrian bizi den Nafarroako biztanlegoaren legea ere. Horiek buruan dauzkadanak.

Hauteskundeekin amaituko da urte politikoa, hemizikloan tentsioa nabarituko dugula aurreikusten duzu?

Bai, batez ere gobernuren kontrolaren alorrean. Hori ere bada parlamentuaren paper garrantzitsu bat. Hauteskundeek eragina izango dute eztabaidetan. Alderdiak prestatzen ari dira dagoeneko koalizioak edo akordioak, gero zerrendak etorriko dira…

Azken legegintzaldi honek izan duen berezitasun nagusiena pandemia izan da, eta ezohikoa izan da ere parlamentuan gertatutakoa. Horrek aldatu du zerbait?

Lehenengo bi urteetan bereziki nabaritu zen, baina normaltasuna berreskuratzen ari gara parlamentuko eztabaidetan. Hala ere, bizi dugun krisiaren inguruan neurriak hartzeko eztabaidak izanen ditugu. Dagoeneko gobernuak Ukrainaren gerra eta krisialdia dela-eta dekretu bat egin zuen, eta dekretu hori luzatzea konbalidatu beharko da. Parlamentuan emanen da eztabaida hori, eta alderdiek bere arrastoa utzi nahiko dute.

Egun ez dago lehen hilabeteetan izan zen kontsentsua, eta garrantzitsua da horren harira gobernuak eztabaida eta elkarrizketa handia edukitzea parlamentuko taldeekin. Adibidez, behar bezalako elkarrizketa bideratu ez izana leporatu diote inbestidurako kideek Sanchezi Madrilen azken neurrien harira. Nafarroako Gobernuan kontuan izan beharko dute hori. Ez da gehiengo absolutua duen gobernua, nahiz eta lau edo bost talderen babesa izan; beraz, parlamentuko taldeekin eztabaida ezinbestekoa izanen da.

Geroa Bai koalizio gobernu horren parte da. Zein egoera bizi du kideen arteko harremanak?

Publikoak dira kideen arteko ika-mikak. Alderdi desberdinak gara, baina orokorrean legealdi garrantzitsu bat izan da, gobernu anitz batetik neurri aurrerakoak hartu dira. Geroa Baik lau sail kudeatu ditu, eta gure neurriak aurrera ateratzeko aukera izan dugu. Geroa Baik defendatzen duen ildoan doan gobernua da, eta orokorrean balantzea ona da. Baina badaude desadostasunak. Guk anbizio handiagoa izan nahiko genuke alderdi sozialistaren aldetik, batez ere autogobernu arloan edo hizkuntza normaltasunaren arloan.

Izan da beste gai bat ere sortu duena polemikarik: PSNk UPNrengana egin duen hurbilketa. Beldurrez begiratzen diozue horri?

Bere egunean bai beldurrez bizi izan genuen, batez ere Lan erreformaren harira hartutako akordio. Orain ikusi beharko da zer gertatzen den eskuineko esparruan. Badirudi ez dutela Navarra Suma formula errepikatuko, eta UPN bere kabuz joango dela hauteskundeetara. Hala bada, horrek eragina izango du UPNk beste alderdiekin izan dezakeen harremanarekin. Ez da berdina UPN eta PP elkarrekin edo bananduta aurkeztea, alderdi sozialistarekin izan dezaketen ulermenaren aurrean beti alerta egon behar gara.

Anitzen arteko koalizio gobernua babesten du Geroa Baik. Gobernuaren parte izatea duzue helburu?  

Ikusi beharko dugu zein lekutan jartzen gaituen Nafarroako jendarteak. Kanpaina aurre honetan denak lehendakari ikusten dira. Esan zuen Esparzak lehendakari ikusten dela, Txibitek ere. Baina garrantzitsuena da gobernu anitza eta aurrerakoia izatea 2023tik aurrera. Hori da gure apustua, eta horretarako ezinbestekoa da Geroa Baik paper indartsu bat izatea hori bermatzeko. Gure aspirazioa zein den? Handiena. Ahal bada gobernu horren lehendakaritza izatea.

Alderdi berri bat sortu da azken legegintzaldi honetan Geroa Bai barruan: Geroa Sozialberdeak. Nola doa EAJrekin negoziazioa?

Gustatuko litzaidake lehenbailehen akordioa izatea. Elkarrizketetan gaude, oinarri politiko indartsu batzuen gainean eraikitzeko koalizioa. Aipatutako zatiketen aurrean, Geroa Bai batu eta indartsu bat izatea garrantzitsua da momentu honetan.

Beraz, ez zarete izenen inguruan eztabaidatzen ari?

Oinarri politikoen akordioa oso aurreratuta dugu. Gero egongo ditugu hautagaiak hautatzeko prozesuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!