Foru prentsak abuztuaren 16ko zenbakia Faltzeseko entzierroarekin zabaltzera kondenaturik zirudien, baina azken unean politika alorreko albiste batek eguna alaitu die udaldiko berri lehorteari ahal bezala aurre egiten dioten kazetari saiatuei: sesioa UPNren eta PPren artean. Horrekin ireki dute gaur, hizki molde handiz, Diario de Noticias zein Diario de Navarra berripaperek, eta entzierroak azaleko irudietarako utzi dituzte. Inor ez da ausartu bi gaiak lotzera eta hala metafora bisual indartsu bezain adierazkorra osatzera, “Adarkadak Nafarroako eskuinean” titulatuz. Pena.
Harira: kontua ez da berria. Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek boto diziplina erregionalista hautsi zutenetik, Nafarroako eskuin espainiazalearen barnean adarkadak ohikoagoak dira Pilongo entzierroan baino. Konparaziora, maiatzean, Ana Beltranek esan zuen ez zuela baztertzen matxinaturiko diputatuok PPn sartzea. Esan gabe doa horrek ez lukeela, preseski, erraztuko hautetsiok transfugatzat dituen UPNrekin koalizio akordioa errepikatzea. Beltranek, haatik, suhartasuna galdu du, Feijoo ganadutegi… barka, alderdiko buru bihurtu denetik.
Folletoiaren atal berri honek bi protagonista ditu: PPko antolaketa presidenteorde Miguel Tellado eta UPNko buru Javier Esparza. ABC egunkariak Navarra Suma koalizioa hil den galdetu dio Telladori, eta alderdi popularreko goi kargudunak aldez edo moldez erantzun du hilda dakusana UPN dela: datozen hauteskundeei begira PP “aztertzen ari den aukera bakarra” bere siglekin aurkeztea da eta –eutsi kubatari– UPNk hautagaitza horrekin bat egin lezake, baina betiere alderdi popularraren lidergoaren pean. Ez da arrapostu makala, foru parlamentuan ordezkaritzarik gabe ez geratzeko arazoak dituen alderdi batentzat: 2015eko foru hauteskundeetara bakarrik aurkeztu zen eta bi eserleku lortu zituen, botoen %3,69arekin.
Ezustekoa Sadar futbol zelaian: UPNko presidente Javier Esparzari adierazpenok ez zaizkio gustatu, Europa Press agentziari egindako adierazpenetan argi utzi duenez: “Bistan da PP amaitutzat ematen ari dela Navarra Suma, aldebakartasunez eta hedabideen bitartez”. Esparza are urrutiago joan da eta, zeharka bada ere, Tellado martetar deitu du: “Hau da nik esatea bezala Espainian zentro-eskuinaren batasuna UPNren inguruan eraiki beharko litzatekeela. Edonork pentsatuko luke beste planeta batean bizi naizela. Hau gauza bera da”.
Telladoren eta Esparzaren arteko sesioa azaltzeko bi bide daude: a) Adierazpenokin indar posizioak lortu nahi dituzte koalizioa osatzeko negoziazioei begira, eta hartara haien egiazko asmoa akordio batera iristea da, ala b) Biok Navarra Suma hiltzat ematen dute, eta heriotzaren errua elkarri egotzi nahi diote errelatoaren betiereko bataila irabazte aldera.
Argi dagoena, Nafarroako eskuin espainiazalean ez dela giro. UPNk zortzi urte daramatza Nafarroako Jauregitik at eta hamabira irits daiteke, baldin eta 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan gauzak asko aldatzen ez badira. Aginteak, karguek, diruak dena koipeztatzen dute. Alta, horiek guztiak desagertzen direlarik barne tirabirak azaltzen dira, eta diskurtso eta lidergo sendorik eza agerian geratzen.
Sayasen eta Adaneroren matxinatzea eragin zuen Lan Erreformaren bozketaren auzian, Esparzaren kalkulua bistakoa zen: prest zegoen Madrilgo legealdiaren azken txanpan PSOEren makulu bihurtzeko, Ferrazetik PSNri UPNrekin berradiskidetzeko agintzearen truke. Eskuin espainiazalea gehiengo osotik oso urrun dago Nafarroa Garaian: 2019ko foru hauteskundeetan Navarra Sumak botoen %36,5 jaso zuen. Hartara, Esparzak argi dauka Nafarroako Jauregira bueltatzeko bidea ezinbestean UPN zentratzetik eta PSNrengana hurbiltzetik igarotzen dela. Bide horretan PP zama zaio. Horregatik, itxura guztien arabera, nahiago du alderdi popularra bazterrean utzi eta UPN bezala aurkeztu, bidean bizpahiru parlamentari galduta ere.
Estrategia horrek, ordea, baditu zenbait arazo: 1) Gerta liteke UPNk PP bazterrean utzi arren PSN ez egotea prest erregionalistekin berradiskidetzeko, hau da, Txibiteren alderdiak egungo gobernu ereduari –eta horrek haren esku uzten dituen kargu guztiei– eutsi nahi izatea eta Navarra Sumaren sakrifizioa guztiz antzua izatea. 2) UPN zentratuz gero, PPren, Sayasen, Adaneroren eta akaso baita Voxen inguruan ere hautagaitza uste baino indartsuagoa sortzea –ez ahantzi eskuin muturreko alderdiak eta haren inguru mediatikoak gogotik txalotu dituztela diputatu matxinoak–.
Folletoiko hurrengo atala beranduenez uda amaieran ezagutuko dugu, Esparzak aurreratu duenez UPNk orduan erabakiko baitu nola aurkeztu 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara.