Emakumeen aurkako ziztadak salatu dituzte Berako zein Lizarrako festetan

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 8a, 07:59
Berako elkarretaratzeko une bat (Argazkia: Erran)
  • Bortzirietako herrian bost izan dira, eta Lizarrerriko hiriburuan lau.
  • Beldurra eta kezka izan da Berako festa giroan Aitor Elexpuru alkatearen arabera.

Emakumeen aurkako ziztadak salatu dituzte iragan asteburuan Berako zein Lizarrako festetan. Beran 5 pertsona ziztatu dituzte, bi emakume eta gizon bat ostegunean, eta beste bi emakume ostiralean; horietatik bik, salaketa jarri dute. Lizarran 4 kasuren berri izan dute eta batek jarri du denuntzia.

Lizarran udal protokoloak ezarri bezala, osasun etxera edo Garcia Orkoien ospitalera eraman zituzten. Lizarrako zenbait hedabideren arabera, ziztadok San Martin plazan gertatu ziren, kontzertu batean. Beran berriz, udalak protokolo honetaz gain, jakinarazpen protokolo bat ezarri dute festetan ziztada edota eraso sexista baten aurrean. Aitor Elexpuru Berako alkatea iragarri duenez, kasu baten berri jasotzean, "ostatu eta txosnetan ordu bat adostu, argiak piztu eta jende guztia kanpora ateratzen genuen", jendeari abisua emateko.

Momentuz, intoxikazio zantzurik ez dagoen arren, beldurra eta kezka izan dira protagonista festa giroan. Erasook salatzeko, elkarretaratze jendetsua egin zuten Beran, larunbat arratsaldean, Berako Goldatz Emakume Feminista Taldeak, Berako Txosna Batzordeak, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak eta Berako udalak deituta.

Orain, festak bukatuta, udaleko ordezkariak, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua, Goldatz talde feminista eta beste hainbat eragile bilduko dira egoera aztertzeko eta “guztientzako jai libreak eta seguruak” bermatu ahal izateko. 

Lizarran ere, herritarren "erantzun azkarra eta ona" azpimarratu du Koldo Leoz Lizarrako alkateak. Hala ere, larritasuna ere nabarmendu du, ziztada batzuk "txantxetan grazia egiteko" izan direlaren susmoa dute eta. Lizarrako Udaltzaingoko buru Patxi Martinezen arabera, hiru emakumeei analisiak eginen dizkiete, drogatu zituzten argitzeko. Edonola ere, tartean drogak izanda zein ez izanda, ziztadak emakumeen aurkako erasoak direla argi utzi dute mugimendu feministako kideek.

Euskadira begira emakumeei egindako ziztadak gorroto delitu gisa ikertuko ditu Ertzaintzak eta genero arrazoiengatik egindako gorroto delitu gisa gordeko dituzte ziztada salaketa horiek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!