Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak osasunerako alerta laranja aktibatu du asteazken honetatik aurrera Nafarroa osoan Erriberan izan ezik. Bertan alerta horia ezarri baitute. Arrisku ertaina ezartzeko erabakia hartu dute AEMETek (Estatutoko Meteorologia Agentziak) luzatutako aurreikuspenak oinarri izanik.
Ezarritako alerta laranjak hiru egun iraupena izango du eta tenperatura minimoaren (18ºC) eta maximoaren (36ºC) langak gaindituko dira asteazken, ostegun eta ostiralean. Behin behineko neurria da, izan ere, aurreikuspenen arabera luza baitaiteke.
Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak herritarrei aholkatu die "eguzkitik babesteko, maizago hidratatzeko, baita egarri sentsaziorik izan gabe ere, eta jarduera fisiko gogorragoak saihesteko egunaren erdiko orduetan (12: 00etatik 17: 00etara)". Mezua bereziki zuzendu die adinekoei, adingabeei, langileei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei. Gainera, Osasun Publikoaren Institutuak gomendatu du etxe barruan leku freskoenak bilatzea, dutxak hotzak hartzea eta etxea aireztatzea freskatzen duenean. Eta etxean geratzea ezinezkoa bada, leku klimatizatuetara joan.
Lanean hauek dira beroaren ondoriozko estres termikoko egoerak saihesteko gomendioak: lanak planifikatzea, lanik astunenak programatzea bero gutxien dagoen uneetan, lan eta atseden-zikloak ezartzea; barnealdean klimatizazioak eta aireztapenak behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzea; eta, kanpoaldean, itzalguneak eta hidratazio-puntuak prestatzea.
Berebiziko garrantzia ematen dio Lan Osasunaren Institutuak egun hauetan beroaren aurrean bereziki kalteberak diren langileentzako prebentzio-neurri espezifikoak zorrozteari (aklimatazio faltagatik, gaixotasun kronikoengatik, haurdun dauden langileentzat, etab.).
Langileek, bestalde, arduradunari jakinarazi behar diote inoiz osasun-arazorik izan ote duten beroagatik. Eta, lanaldian zehar, lan-erritmoa beroarekiko tolerantziara egokitzea, egunean zehar hainbat aldiz toki freskoetan atseden hartzea, jarduera etetea bero-kolpe baten aurreko sintomak nabaritzen badituzte (kalanbreak, zorabioak, izerdiaren azal hotz eta bustia, gehiegizko nekea, goragalea, etab.) eta burua eguzkitik babestea, besteak beste.