Harkaitz Ibaiondo (Ingeteam): "Hidrogeno berdearen onuradun handienak enpresak eta energia kontsumitzaile handiak izanen dira"

Iosu Ganuza Garcia 2022ko uzt. 27a, 11:41

Irudia: Ingeteam Hidroeno berdeaz eta energia erronkez mintzatu da Ingeteam enpresako kidea Guardasola saioan. 

Sesman Ingeteam enpresak duen lantegiak hidrogeno berdea ekoizteko bihurgailu berri baten lehen unitateak fabrikatu ditu. Aurrerapauso garrantzitsua da, izan ere, korronte jarraitua ematen du pieza honek elektrolizatzaileak hidrogeno eta oxigeno molekulak bereiz ditzan.

Hidrogeno berdearentzako bihurgailuen lehen eskaerak proba-banku batean, hidrogenera (gas hau sortzeko gailua) batean eta findegi batean instalatuko dituzte. 

Harkaitz Ibaiondo enpresako hidrogeno berdearen zuzendariaren arabera, froga-bankurako eskaera dagoeneko entregatu dute, eta udan zehar funtzionatzen hastea aurreikusten dute. Hiru bezero esanguratsu dituzte eta bihurgailuok 2023rako martxan egotea espero dute. Nafarroan egoitza duen enpresak zehazki zer egin duen azaldu du Ibaiondok Euskalerria Irratian.

Belgika, Estatu Batuak eta Espainia helmuga dituzten eskaera horiekin, Ingeteamek hidrogeno berdearen sektorearen aldeko apustua indartzen du.

Ildo horretan, Ibaiondok adierazi du "herrialde eta kontinente desberdinetan bezero desberdinentzako lehen hiru eskaera horiek lortu izanak, eta hain epe laburrean, teknologiak bezeroengan sortzen duen konfiantzaren" erakusle dela.

Ibaiondok honako hau gaineratu du: "Ingeteamen egitekoa hidrogeno berdearen arloan sektore horren lehiakortasunari laguntzea da, elektrolizatzaileen eraginkortasuna, kudeagarritasuna eta iraunkortasuna hobetuz; eta hidrogenoa ekoizteko planta handiak energia berriztagarrien sartze handiko sareetan integratzea erraztuz".

Zentzu honetan hidrogeno berdeak izanen dituen aplikazioez argi mintzatu da.

Energiaren kudeaketan beraz erronka asko daude oraindik, baina aurrerapausoa beharrezkoa da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!