Suteen kalteei aurre egiteko diru bilketa abiatu du Errigorak

Euskalerria Irratia 2022ko uztailaren 4a

Diru bilketaren aurkezpena, Unxen (Argazkia: Errigora).

“Herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa abiatu dugu”, azaldu dute Errigorako kideek. “Unearen larritasuna ulertuta, Errigorak 10.000 euro jarri ditu, eta euskal herritarrei ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira”, gaineratu dute.

Ekaineko suteek 15.000 hektarea kiskali dituzte Nafarroan. Errigoraren aburuz, “zalantzarik gabe hondamendia izan da, baina suhiltzaile basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana erabakigarria izan da erabateko tragedia saihesteko”. Hian zuzen ere “auzolanak etenik izan ez dezan” antolatu dute diru bilketa.

Bi lan ildo izanen dituzte: batetik, herriguneak babesteko suebaki berdeak sortuko dituzte; bestetik, abeltzaintza estentsiboa sustatuko dute, “azienda izan dadin suhiltzailerik eraginkorrena”.

Bildutako dirua nola erabili erabakitzeko batzorde berezia osatu dute. Horretan izanen dira Mirian Otxotorena (NNPEK), Mikel Tabar (basozaina), Victor Rubio (suhiltzailea), Patxiku Irisarri (EHNE-Nafarroa), Juan Carlos Castillo (NUKF) eta Imanol Ibero (Errigora).

Diru ekarpenak Errigora.eus webgunean egin daitezke, edo edo ES61 3035 0042 94 0421091052 kontu korrontean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!