Iruñeko gerren aurkako manifestazioan parte hartzera deitu du Ukrainako Mugimendu Bakezaleak

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 23a, 18:54
  • Larunbatean, 12:00etan eta Bakearen plazatik abiaturik, protesta eginen dute Ukrainako inbasioaren eta NATOk Madrilen egin behar duen goi bilkuraren aurka. Amaiera ekitaldian, Maialen Lujanbiok abestuko du.
  • Armak bidaltzeari utz diezaiola eskatu dio nazioarteko komunitateari Ukrainako Mugimendu Bakezaleko koordinatzaile Yurii Sheliazhenkok, eta desertoreek pairatzen duten jazarpena salatu du.

“Ukrainako bakezaleok guztiz babesten ditugu Espainian gerraren aurka egiten ari den kanpaina eta Iruñean egitekoa den manifestazioa. Geldi dezagun gerra eta eman diezaiogun aukera bat bakeari, denon artean”. Hala mintzatu zen Ukrainako Mugimendu Bakezaleko koordinatzaile Yurii Sheliazhenko, Gerrei Intsumisioa plataformak atzo Kataraken egindako prentsaurrekoan.

Ukrainako Mugimendu Bakezaleko kideek Nafarroako, Euskal Herriko edo estatuko hedabideen aitzinean hitz egiten duten lehen aldia zen, inbasioa hasi zenetik. Sheliazhenkok bideo bat bidali zuen, bideo-deiarekin arazo teknikoak izanez gero bere hitzak entzunen zirela ziurtatzeko, eta bideoa pantailaratua izan eta gero kazetarien galderei erantzun zien. Sheliazenko Europako Kontzientzia Eragozpenerako Bulegoko Zuzendaritza Batzordeko (EBCO) kidea da, eta World Beyond War (WBW) erakundeko kidea. 

Desertoreak, jazarrita

Sheliazhenkok, Kievetik egindako konexioan, aitortu zuen bere segurtasun pertsonala arriskuan dagoela jarrera bakezaleen proselitismoa egiteagatik. Gaineratu zuen Ukrainako Gobernuak ez duela errespetatzen kontzientzi eragozpen eskubidea, eta milaka desertore oso egoera zailean daudela. “Mobilizazio militarra 18 eta 60 urte bitarteko ia gizon guztiei herrialdetik irteteko debekuaren bidez ezartzen da, estatuko mugan, kontrol-postuetan, hoteletan, logeletan, errekrutatze-estazioetara egindako deien bidez”, azaldu du.

Inbasioa hasi zenetik, Ukrainako Fiskaltzak 6.000 ukrainarren aurkako zigor espedienteak zabaldu ditu desertzioagatik, baina Sheliazhenkoren ustez desertoreak askoz gehiago dira. Ukrainako Mugimendu Bakezaleko eledunaren aburuz, “Ukrainako Gobernuak giza eskubideei buruzko nazioarteko legediaren araberako bere konpromisoak bete beharko lituzke, eta hiltzeari uko egiteko giza eskubidea bermatu”. Datu deigarri bat gaineratu zuen: Ukrainan Errusiako Armadako desertoreak kontratatzea zigorturik dago, kolaborazionismoa delakoan.

Armak bidaltzearen aurka

Agerraldian, halaber, nazioarteko komunitateari armarik ez bidaltzeko eskatu zion bakezale ukrainarrak: “Gerra gizateriaren aurkako krimena da eta, beraz, ez dugu inolako gerrarik babestu behar eta gerraren kausa guztiak ezabatzen ahalegindu behar dugu. Ukrainaren legez kanpoko errusiar inbasioa bi nazioen arteko 30 urteko gatazka gorakadaren emaitza da, militarismo arkaiko baten emaitza, erreklutamendua eta hezkuntza patriotiko militarra barne hartzen dituena”.

Gehiengo sindikalaren sostengua

Katakrakeko agerraldian, Gerrei Intsumisioa plataformako kideek larunbateko manifestaziora begirako jasotako babes ugarien berri eman zuten. Babes emaileen artean daude, besteak beste, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak, Sos Arrazakeria, Gerrari Ez, KEM-MOC eta Mugak Zabalduz elkarteek. Webgune honetan manifestaziorako sorturiko manifestua eta sostenguen zerrenda aurki daitezke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!