Suteek 10.000 hektarea baino gehiago erre dituzte

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 22a, 07:30
Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak.

Nafarroako Gobernuak esan du lehen kalkulu bat dela, eta zuhurtziaz hartu behar dela zifra zehatza eduki arte.

Joan den larunbatetik Nafarroan piztu diren baso-suteek 10.000 hektarea baino gehiagori eragin diete. Nolanahi ere, foru gobernuak kalkulua "zuhurtzia handiz" hartu behar dela gaineratu du, Ingurumen Departamentuko teknikariek zifra zehaztasun osoz kalkulatu ahal izan arte. 10.000 hektarea horiek 2016ko Tafallako sutean erretako azaleraren halako hiru da. Sadar futbol zelaiaren azaleraren halako 14.000. 

Javier Remirez Foru Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak adierazi du suteen eragina "historikoa" izan dela, eta azpimarratu du teknikariek zehaztuko dituztela zifra ofizialak, Espainiako Gobernuari horien berri emateko.

Remirezek azaldu duenez, "suak soroei eta baso-masari eragin die, baina neurriengatik, batez ere baso-masari". "Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikariek tokian bertan azterketak egin arte itxarongo dugu zehaztapen bat egiteko", berretsi du.

Kontseilariak iragarri duenez, baso-suteengatiko alerta-maila larrialdi aurreko mailara jaistea erabaki dute, larunbatetik Nafarroan piztu diren suteen aurkako borrokaren bilakaera positiboa dela eta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!