Uxueko eta Legardako suteek aurrera segitzen dute, gainontzekoak egonkortze fasean sartu dira

Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak.
  • A12 autobidea berrireki dute, osoki. Nolanahi ere, errepide sare osoan tentuz gidatzera deitu du Babes Zibilak. 
  • Burgin tximista batek sorturiko sutea itzali dute suhiltzaile boluntarioek. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, uneotan suteen aurkako giza baliabide zein bitarteko material gehienak Uxueko eta Legardako suteen aurka baliatzen ari dira, gainontzekoak, besteak beste Sigues eta Olletakoak, egonkortze fasean sartu direla eta. Uxueko sutean Galipentzun dituzte arazorik handienak; Legardakoan, Arzotzen.

Ingurumari horretan, A12 autobidea, Pirinioetako Autobidea izenarekin ere ezaguna dena, berrireki egin dute, osoki. 9:Zehazki 9:00etan lortu dute bidea berrireki ahal izatea. Nolanahi ere, Babes Zibiletik Nafarroako errepide sare osoan tentuz gidatzera deitu dute, suteek nonahi eragin ditzaketen arazoak direla kausa.

Bestalde, bart gauean sutea izan da Burgin, tximista batek eragina. Izabako suhiltzaile boluntarioen eta herriko boluntarioen artean berehala itzali ahal izan dute.

Babes Zibiletik gogorarazi dute bihar arte debekaturik dagoela uzta makinen bitartez biltzea. Eta nekazariei oroitarazi diete traktoreen bitartez su-ebakiak egiten lagundu nahi dutenek udalen bitartez jakinarazi behar dutela.