Ezker Batuko sektore kritikoa, Ahal Dugurekin loturiko akordioaren aurka

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko eka. 21a, 07:41
Jose Miguel Nuin Ezker Batuko idazkari nagusi eta parlamentari ohia, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Jose Miguel Nuin).

Zutik Ezkerra ildoak plazaratu duen iritzi artikuluaren arabera, Ezker Batuaren ahalmena gutxietsi da. Sinatzaileen artean Jose Miguel Nuin idazkari nagusi ohia dago.

Nafarroako Ezker Batuko sektore kritikoak, besteak beste, Jose Miguel Nuin idazkari nagusi ohiaren sostengua dauka. Nuinek eta ildo bereko beste hiru kidek -Pilar Gastonek, Virginia Guerrak eta Javier Barinagak-, iritzi artikulu bat plazaratu dute Diario de Noticias egunkarian. Idazkian zalantzan jartzen dute Ezker Batuko zuzendaritzak Ahal Dugurekin, Batzarrerekin eta independente talde batekin 2023ko udal eta foru hauteskundeetarako lotu duen akordioa.

Zerrendak osatzeko adosturiko modua ez da artikuluaren sinatzaileen gogoko. Ahal Duguk Parlamentuko zerrendaburua hautatuko du; Batzarrek, Iruñeko Udalekoa; eta Ezker Batuak, bi zerrendetako bigarren hautagaia. Kritikoen arabera, horrek ez du bat egiten egungo errealitatearekin, “zenbait inkestak Ezker Batua Ahal Duguren aurretik jartzen baitute”. Nuinen irudikoz, Ahal DUguk akordioa ultimatum baten moduan aurkeztu du, baina “Ahal Dugu egoera kritiko batean dago, eta Ezker Batuak bezainbat behar du akordioa, edo are gehiago”.

Zerrendak alde batera utzirik, badira Nuin eta ildo kritikoko beste hiru kideon kezka eragiten duten beste bi auzi. Lehena, koalizio berriaren izaera nafarra: “Alderdi berri bat dute, bere jarduera politiko eta aliantza politika guztiak Nafarroan erabakiko dituena”. Salatu duten beste puntua, Nafarroako Gobernua sustengatzeko modua. Akordioak premisa moduan ezartzen du hurrengo Nafarroako Gobernua sustengatzea eta horretan parte hartzea. Ezin ahantzi daiteke egun Ezker Batuak kanpotik sostengatzen duela gobernua, Ahal DUguk kontseilari bat duen bitartean. Artikuluaren sinatzaileen arabera, “Ezker Batuak onartu beharko ditu Ahal Duguk eta Batzarrek ontzat jotzen dituzten exekutiboaren neurri guztiak”. Gauzak horrela, Ezker Batua pasako litzateke “PSNren gobernua parlamentuan aurkezten duen eduki errealaren arabera sostengatzetik, exekutiboaren euskarri soil bat izatera”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!