Suteen itzaltze lanetan ari direnak txalotu dituzte parlamentuko taldeek

Lehentasuna suteak itzaltzea eta kalteak neurtzea dela adierazi dute talde guztiek, baina datozen egunetan erantzukizunez hausnartu beharko dutela ohartarazi dute. Talde guztiekin bilduko da Nafarroako Gobernua egoeraren berri emateko.

Suteen inguruan mintzatu dira Nafarroako Parlamentuko taldeetako eledun guztiak Mahai eta eledunen astelehenetako batzordearen ondorengo adierazpenetan. "Drama", "latza" edota "eskerrik asko" izan dira gehien errepikatu diren hitzak. Larunbatetik lehen lerroan lanean ari diren profesionalak txalotu dituzte talde guztiek, eta herritarrek eta nekazariek erakutsitako elkartasuna azpimarratu dute. Halaber, babesa eta elkartasuna agertu diete suteen ondorioz kalteak pairatu dituztenei. 

Nafarroako Gobernuak talde parlamentario guztiak deitu ditu larrialdiaren berri emateko. 17:30ean elkartuko dira talde parlamentarioetako eledunak, Javier Remirez presidenteordearekin. Iritzi berekoak dira talde guztiak: "Une honetan, lehentasuna sua itzaltzea da". Hala ere, egin dituzte lehenengo irakurketa politikoak.

Nafarroako Gobernuak egindako kudeaketa eta koordinazioa nabarmendu ditu PSNko Ramon Alzorrizek: "Elkartasuna koordinatzen lan ederra egiten ari da gobernua". Sozialistak azaldu duenez, Maria Txibite Nafarroako presidentea Espainiakoarekin, Pedro Sanchezekin, harremanetan jarri da hondamendi eremu izendatu dezaten eta egoerari aurre egiteko baliabideak eta neurriak bideratu daitezen.

Geroa Bai gobernukideak kalteak ezagutu nahi ditu, eta horri buruz galdetuko dio gaur gobernuari. Orain, protagonismo politikoak interes orokorraren alde egiteko du zentzua soilik, Uxue Barkos bozeramailearen iritziz: "Begirada bikoitzarekin jokatu behar dugu, arazoari konponbidea emateko, ekintza koordinatuan, parlamentutik ere". Ahal Duguko Mikel Builek aldaketa klimatikoarekin lortu ditu suteak, eta horri aurre egiteko beharra azpimarratu du: "Lehen mailako arazo klimatikoa da". 

Erabaki zenbaitekin zalantzak ditu EH Bilduk. "Agian gobernuak lehenago erreakzionatu behar zuen", hausnartu du Adolfo Araizek.

Kritikoena Navarra Sumako Javier Esparza izan da. Azaldu duenez, zenbait dei eta bisita egin ditu azken bi egunetan: "'Koordinazio falta' eta 'bakarrik utzi gaituzte' izan dira gehien entzun ditudanak". Sua itzaltzen denean arrazoiak aztertu beharko direla ohartarazi du Esparzak: "Zein garbiketa lan egin dira neguan? Zergatik itxaron da hainbeste foru dekretua indarrean jartzeko? Hausnarketa eta azalpenak eman beharko ditu gobernuak, baloiak kanpora botatzen ari da".