Txema Oderitz (Etxarri): “Nekazariek egindako lana ikaragarria izan da”

Etxauribarko eta Iruñerriko nekazariek egindako suebakiei esker geldiarazi zuten atzo sua haranean. “Elkartasuna erabatekoa izan da”, azaldu du Etxarriko alkateak.

Bi egun dira ia lorik egiten ez dutela Etxauribarren. Sutearen zabaltzea ekiditeko auzolanean aritu dira lanean herritarrak eta nekazariak. “Haizeak oso egoera zaila eragin zuen, batez ere Baraskoain eta Bidaurretan”, azaldu du Etxarriko alkate Txema Oderitzek Euskalerria Irratian.

Elkarlanean aritu ziren atzo lanean bailarako herritarrak, lortu zuten su garrak herrietara ez iristea, baina soro asko erraustu ditu suak. Une honetan, esaterako, ez da surik Etxarrin, baina belztuta dago dena eta baratzerako zenbait etxola erre zituen suteak, atzo.

Argazkia: Ziritza. Patxi Lizarbe