Frankismoaren esklaboei omenaldia eginen diete bihar, Bidankozen

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko eka. 17a, 12:18

Juan Ortiz Alfau eta Vicente Lacasia, 2018ko omenaldian. Biok 2019an zendu ziren (Argazkia: Memoriaren Bideak).

“Ekitaldia berrindarturik itzuliko da”, Memoriaren Bideak talde antolatzaileko eledun Fernan Mendiolak aurreratu duenez.

Bihar, hilak 18, Bidankoze eta Igari arteko gainean, 12:30ean, omenaldia eginen diete bazterrok zeharkatzen dituen errepidea egitera behartu zituzten frankismoaren esklaboak.

Pandemiaren poderioz, iragan bi urteotako omenalidak ez dira ohikoak izan. 2020an, internet bidez egin behar izan zuten omenaldia, eta hemen ikus daiteke. Iaz, omenaldia errepidean bertan egin ahal izan zuten, baina neurri murriztaileekin eta ondoren Bidankozen ohiko bazkaria egin gabe. Irudiak hemen daude ikusgai.

“Aurten indartsu itzuli gara topaketa luzatzeko asmoz, eta parte-hartze desberdinekin; izan ere, memoria ekitaldi honek iraganera eta etorkizunera ez ezik, beste latitudeetara ere begiratzen du, eta oso argi dugu memoria historikoak gaur eguneko arazoei aurre egiteko tresna izan behar duela, gaurko giza eskubideen defentsarako baliagarria”, azaldu du Metropoli Forala saioan ekitaldia antolatzen duen Memoriaren Bideak elkarteko bozeramaile Fernan Mendiolak.  

Ekitaldia eguerdiko 12:30etan hasiko da, Igari eta Bidankoze herriak lotzen dituen errepideko mendatean, 1939 eta 1941 bitartean 2400 antifaxistek ireki zuten errepidearen ondoan. Musikak toki berezia izanen du ekitaldian, Las Tipex taldearekin zein Otsagiko Dantzariekin.

Presoen senitartekoak han izanen dira, Bizkaia, Bartzelona eta Zuberoatik helduta, eta hitza hartzeko aukera izanen dute. Ipar Euskal Herritik Pirinioetako bestaldetik Mauleko Udaleko ordezkaritza bat etorriko da, baita Voyages Mémoriels République Espagnole elkarteko partaideak ere. Azken talde honen izenean Chantal Penicaut Gorrindo mintzatuko da, erbesteratzearen esperientziaz.

Tirañako (Asturias) Hobi Komuneko Senideen eta Lagunen Elkartea ere izanen da gainean, haren izenean Yerba Segurak hartuko du hitza, Nafarroan beharturiko lanak egin zituzten eta identifikatu dituzten 196 presoak gogora ekartzeko. Igari eta Bidankoze arteko errepidean 122 baino gehiago aritu ziren.

Oloron-Sainte-Marie hiritik Raymond Villalba eta Mylène Lacoste etorriko dira, Terres de Memoire(s) et de Luttes elkartekoak. Europan faxismoa izaten ari den gorakadari aurre egiteko beharra azpimarratuko dute.

Gainera, Jaxin Gomez Viniegrak, Intsumisioa gerrei ekimenaren parte-hartzaileak, gerraren memoria eta egungo gerren kontrako borroka uztartuko ditu, eta ekainaren 25ean eta 30ean NATOren goi-bileraren zein Ukraniako gerraren kontra eginen diren mobilizazioetara parte hartzera deituko du.

Aurten aipamen berezia eginen zaio berriki zendu den Josefina Lambertori. Frankismoak gogor erreprimitu zuen familia bateko kideak azken urteotan lan eskerga egin du mugimendu memorialistikoarekin batera frankismoaren errepresioaren berri ematen lau haizeetara. Azken urteotan, beti parte hartzen zuen Memoriaren Bideak elkarteak antolaturiko omenaldian.

Omenaldiaren ondoren, bazkari autogestionatua eginen dute Bidankozeko frontoian. Elkarteak ogi papurrak, txurrasko errea eta edaria jarriko ditu. Bazkaldu ostean Bixen Aldaz Goñik jarritako musika egongo da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!