Esteribarko alkatetza berreskuratuko du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 17a, 11:37

EH Bilduk eta Olloki Esteribarrek zentsura mozioa adostu dute. Matilde Añon independenteak alkate izateari utziko dio.

EH Bildu eta Olloki Esteribarko udal taldeek zentsura mozio bat erregistratu dute gaur goizean ibarreko udaletxean. Hamar egun baliodunean eginen den osoko bilkura berezian eztabaidatuko dute, eta EH Bilduk 2019an galdutako alkatetza berreskuratuko du. 

Alderdiak ohar bidez adierazi duenez, “helburu nagusia, egungo Alkatetzaren akordio-gaitasun eza dela eta, bailarak bizi duen paralisi-egoeratik irtetea da”. Bederatzi puntuko ituna sinatu dute bi alderdiek, “legealdi bukaera arteko lan-ibilbide orria” marrazteko. “Ziur gaude akordio zabalak lortu daitezkeela bailarako erronkei eta arazoei aurre egiteko, lidergo sendo, partekatu eta inklusibo baten bitartez”, azaldu dute.

2022-2028rako aurreikusitako inbertsioetako batzuk bildu dituzte dokumentuan, aurrekontuen negoziazioa eta onarpena, bailarako industria eta merkataritzaren dinamizazioa, Zubilan enpresa publikoaren sustapena eta garapena eta Ollokiri buruzko hausnarketarako eta lanerako esparru bat sortzea, “herriaren kudeaketa hobetzeko helburuarekin”.

Olloki Esteribar alderdiak independenteekin egindako akordio baten ondorioz galdu zuen EH Bilduko Mikel Gastesik bailarako alkatetza, 2019an. Zerrendarik bozkatuena izan zen alderdi independentistarena, baina Esteribarko Independenteak taldeko Matilde Añon izendatu zuten 2019an alkate, independenteen eta Olloki Esteribarren hiruna botoak batuta. Bi taldeen arteko harremana eten da, ordea. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!