Hezkuntzaren proposamena "ekonomizista" dela uste dute 0-3 zikloko langileek

Euskalerria Irratia 2022ko ekainaren 16a

Argazkia: Ahotsa.info

Langileek eskatu bezala proposamen bat eraman du bostgarren bilerara Nafarroako Gobernuak. "Eskasa" dela iritzita, gaur protesta eginen dute langileek parlamentuaren aurrean eta arratsaldean erabakiko dute zer egin, batzarrean.

Ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko moduluak aldatzeko neurria proposatu die Hezkuntzak: datorren ikasturterako 4.250.000 euro inguruko igoerarekin, beste soldata-igoera bat, kontratazio gehiago eta ordezkapenak hobetzea ahalbidetuko luke. Aurrekontu hori aurtengo irailetik aurrera aplikatuko litzateke, eta gobernuaren iritziz "bat dator" hezitzaileen plataformaren eskakizunekin.

Planteamendua "ez zaie gustatzen", aldiz, langileei, "Eskasa" dela esan dute, "guztiz ekonomizista delako eta ez delako benetako apusturik egiten" haur-eskoletako haurren bizi-kalitatea hobetzeko. Eider Gardek adierazi duenez, plataforma sakon aztertzen ari da proposamena, irakurketa "osatuagoa" izateko. Gaur arratsaldean bilduko dira langileak horretarako. Atzo berriz, bileraren atarian egin zuten protesta hezitzaileek.

Oraingoz grebarekin jarraituko dute. Gaur 46. eguna dute, eta ostegunero bezala protesta egiten ari dira une honetan Nafarroako Parlamentuaren atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!