Arangoiti mendiaren magalean, Leireko mendilerroan, atzo gauerdia baino lehentxeago piztutako suteak kontroletik kanpo jarraitzen du. Hori da une honetan kezkagarriena. Atzo Leireko monasterioan zeuden 30 pertsonak bertatik aterarazi zituzten, nahiz eta ez dagoen suak monasterioa harrapatzeko arriskurik; eta Xabierren hartu dute ostatu.
Sutearen indarra ikusita, Baso Suteen Arriskurako Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu dute Leiren. Hala, Nafarroako eta Aragoiko suhiltzaileez gain, Larrialdietako Unitateko 150 militar ere esku hartzen ari dira.
Gobernutik egiten ari diren kudeaketa azpimarratu dute. Baina LAB sindikatuak, aldiz, koordinazio falta salatu du. Gaueko eta gaurko txandak sindikatuak antolatu dituela azaldu dute sare sozialetan.
🚨🚨Nadie a los mandos.@bomberos_na @112_na
— NAFARROAKO LAB SUHILTZAILEAK (@LABlarrialdiak) June 15, 2022
Saben l@s parlamentari@s que un sindicato está organizando los relevos de bomberos para esta noche y mañana.@upn_navarra @PSNPSOE @geroabai @EHBilduNafarroa @Podemosnavarra pic.twitter.com/SLdCYAwoYn
Zuhaizti handiko mendi-hegala da su hartu duena, malda handikoa, eta, ondorioz, ibilgailuak ezin dira sartu. Hartara, zaila egiten ari zaie lurretik egin ahal izatea itzaltze lanak.
Tafallan eta Olleta-Leotzen atzo deklaratutakoak ere aktibo mantentzen dira, eta atzo arratsaldean beste bat piztu zen Larragan.
Lurzorua eta landaredia oso lehorrak daude, eta tenperatura altuen eraginez sute-arriskua oso handia da Nafarroa osoan. Gobernuak arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, arriskua eragin dezakeen edozein jarduera saihesteko, alegia.