1979tik gaurdainoko tortura kasuak ikertuko ditu Nafarroak

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 13a, 11:09

EHUko kriminologia institutuak eginen du txostena. Nafarroako Torturatuen Sarearen iritziz, mila inguru izan daitezke kasuak. 

Nafarroako Torturatuen Sareak eskatutakoari erantzunez, Nafarroako Gobernuak tortura kasuak ikertuko ditu. Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Kriminologia Institutuak eginen du ‘Nafarroako torturari eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa 1979tik gaur egunera’ izeneko txostena. 

Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera, 1961 eta 2012 artean mila torturatu inguru izan ziren. Zerrenda ahalik eta zehatzena osatzeko ikerketa "independente, ofizial eta profesionala" galdegin du. Bitartean, auzolanean ari dira torturatuen errola osatzen. "994 tortura kasu zenbatu ditugu, eta 822 pertsona torturatu erroldatuta ditugu. Baina jakin badakigu ere, etorkizunean, zoritxarrez, igoko dela zenbatekoa", adierazi zion Jorge Txokarro sareko kideak Euskalerria Irratiari maitzaren 20an.  Torturaren ondorioz, bi lagun hil dira: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik eta Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalez nafarren salaketak ez ikertzeagatik.

Aurreko legealdian, Nafarroako Gobernuak tortura ikertzeko deialdi bat egin zuen, eta EHUko Kriminologia Institutuak ardura hori hartu zuen, 2018an. Espainiako Gobernu ordezkaritzak errekurtsoa jarri zuen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen deialdia. Hala ere, Ana Olloren Herritarrekiko Harremanetako departamentuak 1960tik 1978ra arteko tortura kasuak ikertu zituen. 204 kasu aztertu ostean, 169 baieztatu zituzten.

70.000 euro giza urraketak aztertzeko

Ikerketa-zentro edo institutuei eta giza eskubideen arloan lan egiten duten erakundeei diru-laguntzak emateko deialdietako onuradunetako bat da institutua. Nafarroan izandako urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko deialdia 70.000 eurokoa da, eta Herritarrekiko Harremanen departamentuak bultzatu du, Bakegintza, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

Erakunde onuradunak hauek dira: Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Kriminologia Institutua, Munduko Medikuak, Magale Elkartea eta Nafarroako Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordea.

Erakunde onuradunek jendaurrean aurkeztu beharko dituzte beren txostenak herritarren aurrean, bai eta diruz lagundutako txostenekin zerikusia duten giza eskubideak aplikatzeaz arduratzen diren erakundeen aurrean ere, tokian-tokian, estatuan, Europan edo nazioartean.

Laguntza-deialdi hau Herritarrekiko Harremanen Departamentuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak sustatu du, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduan onartu zuen Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzetako bat da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!