Sayas eta Adanero, haien plataforma aurkezteko prest

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko eka. 9a, 07:51
Sayas eta Adanero, Foruen monumentuaren pean, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Haritz Pascual).
  • Asteartean, hilak 14, ekitaldi politikoa eginen dute Iruñeko hotel ezagun batean
  • Oraindik ez dute argitu hauteskundeetara aurkeztuko diren, baina baiezkotik gero eta hurbilago dirudite.
  • Lau eragile ari dira lehian, orain arte bat eta bakarra zen Nafarroako eskuinaren hauteskunde eremuan.

Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok haien plataforma ofizialki aurkezteko ekitaldi politikoa eginen dute asteartean, hilak 14, 19:30ean, Iruñeko Tres Reyes hotelean. Martxoan UPNtik bota zituztenetik, bi diputatuok publikoarekin eginen duten lehen agerraldia izanen da. Ordutik, sostenguak biltzen ari dira, haien proiektuaren bideragarritasuna ikustarazte aldera. Haien webgunearen arabera, dagoeneko 1.300 jaso dituzte.

Ekitaldia iragartzeko kartelean (ikusi behean), Plataforma Navarra (Plataforma Nafarra) marka erabili dute. Afixan darabilten iruditeria nahikoa adierazgarria da: Espainiako bandera eta Nafarroakoa bat eginda ageri dira, baina askoz hobeki ikusten da lehena bigarrena baino.

Sayas y Adanero lanzan una plataforma política en Navarra para abrir un  espacio a la derecha de UPN - Diario de Noticias de Navarra

Oraindik ez dute argitu 2023ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko diren, baina aurkeztetik gero eta hurbilago aiderazten ari dira haien adierazpen publikoetan. “Argi dago tokia badagoela; izan ere, bi aukera daude, PSNren eta bosteko gobernuaren makulu izatea ala egiazko oposizioa egitea”, azaldu du Adanerok.

UPNk oraindik ez du argitu bakarrik aurkeztuko den foru eta udal hauteskundeetara, edo Navarra Suma koalizioa errepikatzen ahaleginduko den. PPko Nafarroako buru Ana Beltranek Sayasi eta Adanerori ateak ireki dizkie, baina UPNrekin bat egiteari ateak itxi gabe, eta ez dago argi Feijook zer erabakiko duen. Eskuin muturreko Vox alderdia indar handia hartzen ari da hauteskunde ziklo berrian.

Hau da, lau eragile ari dira lehian orain arte bat eta bakarra izan den hauteskunde eremuan. Pentsatzekoa da haien arteko aliantzak izanen direla. Ikusi beharko da Sayasen eta Adaneroren plataformak zer egiten duen. Edo zer egiten uzten dioten. Gertuen PP dutela ematen du, baina ezin ahantzi Madrilen, Diputatuen Kongresuan, Vox eta haren eremu mediatikotik oso hurbil mugitu direla.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!