1936ko abuztuaren 15ean, Larragan, Guardia Zibilak atxiloturik eraman zuen Vicente Lamberto militante sozialista. Maravillas 14 urteko alaba nagusia Udaletxera aitaz galdezka joan zelarik, bahitu eta behin eta berriz bortxatu zuten. Jarraian hil egin zuten, aitarekin batera, eta gorpuzkiak erre eta txakurrei eman zizkieten.
Josefina Vicenteren alaba zen, Maravillasen ahizpa txikia. 1936ko abuztuan zazpi urte zituen. Ordutik aurrera Paulina amarekin eta Pilar ahizparekin batera, zailtasun handiak pairatu zituen aurrera egin ahal izateko. Larragan bertan hainbat etxetan neskame jardun zuten, besteak beste, Maravillasen bortxatzaileetako batenean.
Hogeita bat urterekin, Josefina moja egin zen. Frankismoaren biktima zela eta, moja nagusiek krudelki tratatu zuten. Islamabadera (Pakistan) bidali zuten, umezurztegi batera. Frantzian eta Madrilen ere izan zuten. Beti oso baldintza gogorretan, lanik gogorrenak egiten, bere hitzetan, ia esklabo baten moduan.
Besteak beste moja nagusiek frankismoaren biktima izateagatik ematen zioten tratu latz hori zela kausa, 1996an fedea galdu eta moja izateari utzi zion. Ordutik, mugimendu memorialistikoko militante sutsua izan da. Lau haizeetara zabaldu du errepresio frankistaren aurkako salaketa, eta Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioan boluntario moduan jardun du.
Virginia Senosiainek eta Juan Luis Napalek Josefinaren bizitzari buruzko dokumentala egin zuen duela bi urte, Florecica. Albiste hau ilustratzen duen argazkia dokumental horretatik ateratakoa da.