Joseba Compains (Nafarroa Berriz Altxa): “Eskubideak berreskuratzeko, duela 500 urte galtzen hasi ginen burujabetza behar dugu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko eka. 3a, 11:03

Igandean ospatuko dute Amaiurraldia. Nafarroa Berriz Altxak "prozesu subiranista propioa eta herrikoia" eskatzeko ekitaldia eta festa antolatu ditu, Amaiurren eta Elizondon. 

Amaiurreko guduaren 500. urteurrena dela eta antolatu du Nafarroa Berriz Altxak Amaiurraldia. Orain dela bostehun urte, Nafarroa bere subiranotasunaren alde matxinatu zela ekarri dute gogora, eta orduko erresistentzia-izpiritua eta askatasun aldarria berreskuratu nahi dute. 

Gertatutakoa eta iragana gogoratzetik haratago, burujabetzaren aldeko besta herrikoi eta erraldoia ospatuko du Nafarroa Berriz Altxak. “Prozesu subiranista propioa eta herrikoia eraikitzea" eskatuko dute, egunerokoa baldintzatzen duten erabakiak egun Madrilen eta Bruselan hartzen direla salatzearekin batera. 

Goizeko 11:30ean Amaiurko zelai eta monolitoan ekitaldi politikoa eginen dute. Ondotik, 12:15ean, oinezko martxa eginen dute Amaiurtik Arizkuneraino, eta bertatik Elizondora joanen dira autobusean. Elizondon festa gunea antolatuko dute, eta hainbat ekintza eginen dituzte bertan. 

Nafarroa Berriz Altxatik nabarmendu dute lehentasuna dela Amaiurko gune berezia zaintzea. Horregatik, autobusez joateko deia egin dute. Kotxean joanez gero, Amaiurko aparkalekua bete bezain laister, Ordokiko industria eremuan aparkatu beharko dira autoak. Doako autobusak antolatuko dituzte Amaiurko ekitaldira iritsi ahal izateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!