Txibiteri pardel zikinak bota dizkiote 0-3 zikloko langileek

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 2a, 10:19

Duela hilabete bat, maiatzaren 2an abiatu zuten 0-3 zikloko hezitzaile eta langileek greba mugagabea. Koordinazio organoa atzo bildu zen hirugarrenez, auziari irtenbidea bilatzeko. “Giltza” parlamentuko taldeek dutela aldarrikatu dute, aurrekontuetan aldaketak gehituz.

Ratioak jaistea, soldatak igotzea eta langileak gehitzea eskatzen dute, batez ere, 0-3 plataformako kideek. Eskaera horietara heltzen ez den proposamena egin zien gobernuak joan den astean, greba bertan behera uztearen truke. Horri ezetz esan zioten langileek, eta atzo bildu ziren azkenekoz Nafarroako Gobernuko eta Udalerrien Federazioko ordezkariekin. 

PSNko Ramon Alzorrizek adostasun politikoa eskatu du, aurrekontuetan langileen eskariei erantzun ahal izateko. Hor dago “giltza” plataformako kideen iritziz. Aldarrikapenei erantzuteko aurrekontua handitzea beharrezkoa dela adierazi zieten, atzo bileran. Testuinguru horretan, protesta gogortzea erabaki dute langileek eta Nafarroako Parlamentuan pardelak bota dizkiote Maria Txibite presidenteari osoko bilkurara iristen ari zela. 

Aurrekontuetan aldaketak ezartzeko lan politikoa ahalik eta azkarren egitea ere nahi dute langileek, eta espero dute datorren asteazkeneko bileran Foru Gobernuak "finantza-mailan definitutako eta argi eta bermatuta proposamen bat" egitea. Atzoko bilerara gobernuak ez zuen proposamenik eraman, salatu dutenez plataformako kideek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!