Gehiengotik urrunduko litzateke Navarra Suma, EITBren inkestaren arabera

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 1a, 11:03

Bloke aurrerakoiak gehiengoa mantenduko luke Nafarroako Parlamentuan, EITB Focus inkestaren arabera. Navarra Sumak ordezkaritza galduko luke, baina indar bozkatuena litzateke bai parlamentuan baita Iruñeko Udalean ere. Gorakadarik handiena, berriz, EH Bildurena izanen litzateke.

EITBk egindako inkestak ez du aurreikusten zatiketarik eskuineko hirukoan, eta UPN, PP eta Ciudadanos elkarrekin aurkeztuko liratekeela hartzen du aintzat. Nafarroako Parlamenturako boto asmoari buruz inkestak bildutakoaren arabera, Navarra Suma 20 parlamentari izatetik 17 izatera pasatuko litzateke, ordezkaritzaren % 15 galduz, nahiz eta indar bozkatuena izaten jarraituko lukeen.

UPNk Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas kaleratzeak, baina, panorama aldarazi dezake eskuinean. Plataforma berri bat osatu dute, eta oraindik hauteskundeetara nola aurkeztuko diren argitu ez duten arren, PPNk dagoeneko zabaldu die atea. Testuinguru horretan eskuin muturreko Vox alderdiaren eragina ere zalantzan dago. EITB Focus inkestaren arabera, lehen aldiz Nafarroako Parlamentuan sartuko litzateke 2 ordezkarirekin.

EITB Nafarroan bildutako boto asmoen arabera, bigarren postuan PSN legoke, aurreko hauteskundeetako ordezkari berdinekin (11). EH Bilduk hirugarren indar bozkatuena izatea lortuko luke, Geroa Bai aurreratuz. Inoizko daturik onenak lotuko lituzke indar soberanistak zazpi ordezkari izatetik 9 izatera pasatuko litzateke eta. Geroa Bai, berriz, 9 izatetik 8 izatera pasako litzateke, EITB Focus inkestaren arabera. 

Ezkerrak eserleku bat irabaziko luke eta Ahal Duguk ordezkaritza galduko luke, bitik batera pasatuz. Ezkerra eta Ahal Dugu elkarrekin aurkeztea aztertzen ari dira.

Bloke aurrerakoiak gehiengoa mantenduko luke Nafarroan, emaitza hauen arabera. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra blokeak 31 eserleku batuko lituzkete. Eskuinak, berriz, 19 izanen lituzke. 

Gehiengoa urrunago, Navarra Sumak, Iruñean

 

Iruñean ere Navarra Suma izango litzateke indar bozkatuena, udal hauteskundeak orain egingo balira, baina Enrique Maiak bi zinegotzi galduko lituzke. 13 izatetik hemezortzi 11 izatera igaroko litzateke. 

EH Bilduk, aldiz, lau puntu gehiago lortuko lituzke botoen ehunekoan, eta 7 ordezkari izatetik 8 izatera pasatuko litzateke. PSNk, Parlamentuan bezala, aurreko hauteskundeetan lortutako emaitza mantenduko luke, bost zinegotzirekin. Geroa Baik dituen biak mantenduko lituzke.

Iruñeko Udaleko berrikuntza Voxek ekarriko luke, lehen aldiz ordezkari bat izango lukeelako udaletxean. 

650 galdeketa egin dituzte inkesta egiteko: 400, Iruñean eta gainerako 250ak, hiritik kanpo. Landa-lana 2022ko maiatzaren 2tik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!