Tximino baztangaren balizko kasu bat ikertzen ari dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 31a, 16:56

Osasunbideak jakinarazi du detekzio goiztiarreko protokoloa aktibatuta atzeman dutela kasua. 

Nafarroako Gobernuak Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari (CCAES) jakinarazi dio tximinoaren baztangak eragindako infekzioaren lehen kasu susmagarria atzeman duela. Nafarroako osasun-agintariek Osasun Ministerioak ezarritako alertaren aurrean kasuak garaiz atzemateko eta maneiatzeko protokoloa abian jarri dute.

Osasunbidearekin harremanetan jarri zen pertsona bat da lehen kasu susmagarria eta, dagokion balorazioa egin ondoren, ez du ospitaleratzerik behar izan. Majadahondako Espainiako Carlos III.a Mikrobiologia Zentroaren baieztatzeko zain daude orain.

Gaixoak beste paziente batzuekiko duen kontaktu estua da infekzioaren arrisku-faktore nagusia. Hasierako kasuetan, infekzioa gertatzen da odolarekin, gorputzeko likidoekin edo infektatutako animalien larruazaleko edo mukosetako lesioekin kontaktu zuzena izateagatik. Afrikan tximuak, Gambiako arratoi erraldoiak edo kutsatutako katagorriak manipulatzearen ondoriozko giza infekzioak deskribatu dira. Karraskariak birusaren gordailu nagusitzat jotzen dituzte adituek. Balizko arrisku-faktore bat infektatutako animalien haragia modu desegokian egostea dela azaldu du Osasunaren Mundu Erakundeak.

Pertsonatik pertsonara transmititzea gerta daiteke gaixotutako batekin arnasbideetako jario bidezko zein larruazaleko lesioekin kontaktu estua izateagatik, edo gaixoak kutsatutako objektuekin kontaktua izateagatik. Transmisioa arnas tanten bidez gertatzen da batez ere, normalean aurrez aurreko kontaktu luzeak izan ondoren, eta horrek infekzio-arrisku handiagoa eragiten omen die gertukoei. Infekzioa inokulazioaren bidez edo plazentaren bidez ere transmititzen da (sortzetiko baztanga). Adituak aztertzen ari dira pertsona batetik besterako transmisioari eusteko gai den tximino baztanga. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!