2018an Sadaban (Aragoi) aurkitutako gorpuzkiak Nafarroako herritarrenak izan daitezke

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 31a, 13:54

Nafarroan atzemandako frankismo garaiko hobia.

Desobiratze lanetan 18 pertsonaren hezurdurak aurkitu dituzte, haietatik hiru emakumeak dira, eta eraildakoen senideen bila ari dira.

2018an Aragoiko Sadaba herrian erkidegoan aurkitutako bigarren hobi komun handiena topatu zuten arkeologoek. Bada, Memoria Historikoaren Charata elkarteak eta Aragoiko Auzitegiko Arkeologia Taldeak dei egin diete errepresio frankistaren biktimen senitartekoei, atzemandako 18 gorpuzkien senideak topatzeko asmoz. Herri hori Nafarroatik oso gertu dago Cinco Villas (Bost hiribilduak) eskualdean. 

Adituek azaldu dute Sos del Rey Catolicoko presondegitik atera zituztela biktimak eta gehienak Val d'Onsellako herritarrak izan zitezkeela nahiz eta haietatik batzuk nafarrak izan daitezkeela uste duten. Ikertzaileen hipotesiaren arabera Zangozaldeko, Kasedako eta Bardeetako Kanaleko lanetan aritu ziren herritarren gorpuzkiak izan litezke. 

Zailtasun ugari izan dituzte identifikazio-lanak burutzeko. Horregatik, senideak hobi honetan lurperatuta egon zitezkeela uste dutenei Aragoiko Auzitegiko Arkeologia Taldearekin harremanetan jartzeko deia egin nahi diete, equipoarqueo@gmail.com helbide elektronikoan.

Kontuan izan behar da 1936an Zangozan eta Kasedan egon zitezkeen bizilagunez gain, Aragoiko herri eta haran horretako herritarren ondorengo asko Nafarroan bizi direla gaur egun.

Profil genetikoek eta datu antropologikoek adierazi dute gainera biktimetako hiru emakumeak direla: 24 urtetik beherako bi gazte eta emakume heldu bat.

Analisi genetikoen emaitzak Nafarroako Gobernuaren DNA Bankuan integratu dituzte gainera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!