Teknikoki bideragarria den tren sozial bat proposatu dute

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 25a, 13:39

"AHTrako tren-korridore esklusibo berriaren" planteamenduari "irtenbide erreala" ematen dion azterlan bat aurkeztu du plataformak. 

Mediterraneoko eta atlantikoko korridoreak hartzen ditu bere gain Nafarroa Trenaren Alde plataformak aurkeztutako proposamenak. Ardatz nagusia teknikoki bideragarria den tren sozial baten proposamena izan da. Egungo trazatuan oinarritzen da, baina tren lehiakor eta gaurkotu baten behar teknikoetara egokituko litzateke, azpiegiturari, teknologiari eta logistikari dagokionez. "Hau da, garraio publiko, sozial, eraginkor eta egiazki iraunkorra izanen den tren bat, gaurko eta biharko mugikortasun iraunkor baten estrategian enmarkatuz", azaldu dute.

386 kilometro aztertu dituzte, eta horien bideragarritasuna hartu dute kontuan ikerketa egiteko. 200 kilometro orduko abiadura hartuko luke tren horrek. Proiektua bide, kanal eta portuetako hiru ingeniariek osatu dute: Ignacio Rubín, David Andrés Barandica eta Kimetz E. Muntixa. Proiektua oraindik ez dute bukatu, eta finantzatzeko Crowfounding kanpaina bat jarri dute abian.

Garatutako azterketak trenbidearen azpiegituran zehar egon daitezkeen hirigintzako arazoak, oztopo fisikoak eta  zaratak konpontzen dituela zehaztu dute. "Iruñeko buklea desagertzen da auzoek beraien kale eta etorbideetan harresi hori izan ez dezaten. Gaur egungo Sanduzelaiko geltokia, bertan mantentzen dugu, hiri erdigunetik hurbilen dagoena baita, Etxabakoitzera eraman gabe beharrezkoa ez den gastua saihestuz eta geltokia erdigunetik hurbilago utziz", azaldu dute.

Alternatibak gaur egun AHTarendako proiektatzen diren azpiegiturekin alderatuz, askoz kostu txikiagoak ditu, abiadura handirako ibilbide berriak egin behar izan gabe, eta exekuzio epeak  murriztuz. Lan berri batek suposatzen dituen kalte sozial eta ingurumenekoak ekidingo lirateke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!